Begi bat itxita eta bestea zabalik ikusi nuen duela egun gutxi film hura, eta ez dira datu denak zehatzak izango. Baina uste dut muina harrapatu niola pasarteari. Unibertsitate irakasle bat egin zuten esperimentu baten berri ematen ari zen. Zer gertatzen zen ikusteko, auto bat utzi zuten, matrikulak kenduta, New Yorkeko zona gatazkatsu batean abandonaturik. Oso denbora gutxian geratu omen zen autoa, ez gurpil eta ez bolante, erabat suntsiturik.
Gauza bera egin zuten, matrikulak kendutako auto bat abandonatu, Kaliforniako leku goi-mailako batean, Palo Alton. Bi hilabeteren buruan inork ez omen zion ukiturik ere egin. Hori ikusita, kristalak hautsi zizkioten, propio, autoari. Eta orduan bai, han ere, New Yorken bezala, minutu gutxitan kendu zizkioten gurpilak, bolantea, eserlekua eta gainerakoak, autoa erabat sarraskitzeraino. Ez dakit zein den atera daitekeen ikasgaia. Edozein estrata autobide dugula geure txarrena erakusteko?
Zirt edo zart egingo zuen talde bat zela zirudien sorreran Ahal Dugu-Podemos-ek. Zerga erreformari dagokionez erdiek zirt eta erdiek zart egin dute ordea. Eta okerrena da parte-hartzea oso apala, epela, izan dela. Esperimentuko autoarena ekarri dit gogora talde ubelaren ibiliak. Norbaitek kristalak hautsi zizkion eta, ordutik, aitaren batean iritsi zaio suntsipena eta gainbehera.