andoni egana

Ateraldiez

2025eko martxoaren 1a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ezustean eta halere dagokionean iristen bada da ateraldi bat ona. Halaxe iritsi zen duela hiru hilabete Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren finalean, Oihana Iguaranen bertso bat. Ezustean eta zegokionean. Aner Peritz eta bera bi lagun ziren. Tren geltokian txartelarekin arazoak izan eta segurtasun langilearengana joandakoan honek euskaraz ez zekiela erantzun zien. Langilearen euskara ezagutzarik eza zen gaiaren ardatz. Horrexegatik sortu zuen benetako grazia Iguaranek saioa errematatzeko langile hark euskara ikastea eta AHTaren iritsiera konparatzeak.

Iruditu zitzaidan, irudipena baino ez zen izan, gertuan nituen agintariei ere grazia egin ziela. Algararen bat eta txalo zartadaren batzuk sumatu nituen haien inguruan. Hasieran, giro politikoaren barealdiari egotzi nion jarrera. Gero, pentsatzen jarrita, eta agintariak gipuzkoarrak zirela jabetzean, Ezkioko korapilogunea zalantzan izateak poz une hartan zerikusirik izango zuela erabaki nuen.

Izan ere, hau da hau bakoitzak bereari tira beharra! Ezkio ala Gasteiz. Iruñera iristeko. Egunero batzuen eta besteen iritzia. Eta absurdoaren erpinean, gu, herritarrak, hantxe, nasan, behar ez genuen tren baten esperoan, handik pasatuko den ere jakin gabe. Iristen bada iritsi, tren hau ez da ezustean iritsiko. Ezta dagokionean ere. Ederra ateraldia egin dutena!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.