andoni egana

Atea

2024ko otsailaren 18a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Izuaren atea zirudien egunkari honen atzoko bosgarren orrialdeak. Ertzetako zutabe banatan elkarren oso antzeko albisteak: «Sei gizon atxilotu dituzte Donostian, sexu eraso batengatik» ezkerraldeko zutabean; eskuinekoan, «Gizon bat atxilotu dute, adingabe bati eraso egiteagatik». Eta tartean, ate bat erdi itxirik, baina zirrikitutik barruko iluntasuna iragartzen duena: «Emakume baten gorpua aurkitu dute Arga ibaian».

Abenduaren 7tik desagertuta zegoen Gabriela Reyes izan omen daiteke aurkituriko emakumea. Iruñeko Sanduzelai auzoko taberna batean ikusi zuten azken aldiz. Bakarrik sartu eta bakarrik irten zen. Bere lagunek diotenez, segurtasun kameretako irudiek erakusten dute egun hartan gizon bat hurbildu zitzaiola, musu bat eman, eta sakelako telefonora begiratzeko eskatu ziola. Gero, emakumeak negarrez alde egin zuen. Ez zen etxera iritsi…

Ez da terrore film bat. Errealitate gordina da. Jendarte honen atea orpotik aterea dago erabat. Eta orriaren oinean, ate-sarreran, iragarki bat: «Biktima izan diren emakumeentzako arreta zerbitzua». Nafarroako, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako, eta Ipar Euskal Herriko telefono zenbakiak. BERRIAk berak ipiniriko iragarkia dirudi. Aldi hau kontatzean, tamalez, ate horren berri sarriegi eman beharra baitago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.