andoni egana

Astoa / Elefantea

2024ko azaroaren 5a
05:00
Entzun

Bazeramatzan bi legegintzaldi XIX. mendeko AEBetako presidente batek. Hirugarrena ere egin egin zezakeen, baina ez omen zegoen garai hartan ondo ikusia agintean hainbeste iraun nahia. Tematu egin zen halere Alderdi Demokrataren hautagaia. Eta norbaitek astotzat jo zuen, egoskor hutsa zela iritzita.

Irain iritsi zitzaiona balio nola bihurtu asmatu zuen, ordea. Onartu egin zuen astoa bezain egoskorra zela. Baina astoaren egoskortasunari lanerako duen gaitasuna erantsi zion. Eta bere burua aurkeztu zuen langile egoskor eta nekagaitz gisara. Ongi joan omen zitzaion… Gainerakoa, handik urte batzuetara, egunkarietan tira politikoak marrazten zituen ilustratzaile baten eskutik etorri zen. Demokratek bazuten ordurako asto ospea eta asto marrazten zituen beti. Bera Errepublikanoa zen, ordea. Eta ezin zuen eraman demokraten aurrean bere alderdiak azaltzen zuen epelkeria. Horregatik otu zitzaion astoaren ondoan elefante irrigarri bat marraztea, bere handian dardarti. Grazia egin zuen nonbait, eta ehun urtetik gora dira batzuk beti asto eta besteak beti elefante direla. 

Izan zitekeen neuk asmaturiko istorioa. Ez da. Ikurren erroak ez dira beti ulerterrazak. Eta ez dute toki eta garai orotan esanahi bera. Itsasoaz honantz, elefantea, beti lotuko dugu errepublikanoekin baino lehenago monarkiarekin. Hauteskunde eguna gaur. Ea…

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.