Vienako Arte Ederren Akademian eman nahi izan zuen izena Adolf Hitlerrek gaztetan. Ukatu egin zioten sarbidea. Batek baino gehiagok dio frustrazio horrek eraman zuela gerora ahalik eta artelan gehien harrapatu eta biltzera. Europako arte museorik osatuena egin nahi zuen Linz hirian...
Artelanen harrapaketan naziek egindakoak izango dira ezagunenak. Artelan horietako asko berreskuratu ahal izan ziren, eta egiazko jabeen eskuetara itzuli. Baina badira naziek lapurtu eta oraindik inon agertu ez diren artelanak. Eta ez edozeinenak. Van Gogh, Rembrandt, Klimt, Degas, Caravaggio, Pissarro... batzuk badabiltza —edo badaude— nonbait, non inor gutxik dakiela.
Nola artelanek sosak mugitzen dituzten, legedia ere zorroztu zen garai batean. Eta baita hizkuntza ere. Bereizi egiten dira espolioa eta sakeoa. Ez dakit zehatz-mehatz zertan datzan aldea. Segur aski, gerra garaian eginari deitzen zaio sakeoa, eta beste garai batzuetan eginari, espolioa. Noiz-nola da gutxienekoa, ordea. Lapurreta. Eta kito. Horregatik, Nafarroako Gobernuak bizkor azaldu behar luke non dauden Artozkin duela hogei urte harrapatu eta oraindik ere falta diren artelan haiek. Irudikatzen dut pertsona bat edo beste, itolarrian, etxetik koadroa hartu eta egoitza ofizialen batera eramanez...
HITZ ETZANAK
Artelanak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu