Pello Errotak mokoka eraso zion Txirritari. Andregaiari bisita egitetik ote zetorren bota zion, harrigarriki dotore sumatzen zuela, bi alkandora jantzita. Txirritak erantzun egin zion. Pellok nahita ere ezin zitzakeela bi soinean eraman, bat besterik ez zuela eta.
Esanguratsua da gure egunetara herritarren gogoan iltzaturik iritsi den bertso-eztabaida ezagunena arropari buruzkoa izatea. Bazen zerbait arropa orain hainbat ez zen garaian. Arri-arri mandako jolas-kantuan ere Iruñetik bueltan iritsiko zen oparia zapatak eta gerrikoa ziren. Ernion alpargatak urratuta ibiltzea drama bat zela gogorarazten digun kantua bada. Eta gure aitak amari gona gorria ekarri ziola dioen beste bat ere bai. Nola sartu ipurdian galtzak? Goizean porrusalda eta eguerdian azak. Alkandora, oinetako, gerriko, gona, praka... «Txamarra txartxo bat» ere ageri da gure kantutegian!
Atzo, berripaper honen azken orrialdean Lidia Hernandezi egindako elkarrizketa zetorren. Zuzeu dendaren jabeak arropa zirkularraren kontzeptua sustatu nahi du. Zenbait arropa erosleri buruz honakoa zioen: «Bost bizitza behar dituzte urtebetean erosi duten arropa jantzi ahal izateko». Arrazoi du. Arropa gehiegi dugu gehienok. Eta ez da axaleko kontua. Munduari eragiten dio. Ideologiari dagokio. Alde horretatik zenbat eta jantziago, arropa berri gutxiago erosi behar genuke...