Errazagoa zen gutxiago geneukanean. Orduan ere baziren aldagaiak, baina jakinekoak. Lehengusua-ni-anaia; anaia zaharrena-ni-anaia gaztea; ahizpa-lehengusina-ni; ni-ahizpa-ahizpa gazteena; gurasoen lagunen semea-ni... Gure ume denboran halatsu izaten zen arropen trazabilitatea.
Biziki interesgarriak iruditu zitzaizkidan atzo, berripaper honetan, Pantxika Ospitalek, Moda Pasaporte Digitalaren sortzaileak, arropei buruz esandakoak. Askoz gehiago erosi, baina gutxiago janzten omen ditugu jantziak. Hori da egungo joera. «Bi erdipurdiko baino bat ona hobe» edo «merkea sarri garesti» bezalako esamoldeak ahaztu egin ditugu nonbait. Moda Pasaporte Digitalaren bidez arropen trazabilitatea komunikatzea du helburu Pantxika Ospitalek, produktuari buruzko informazioa izanez gero hobeto zaindu eta mantendu ahal izango ditugulakoan.
Arropen trazabilitateaz badut eskarmentu txiki bat. Irungo Udaletxeko plazan harrera sarekoek etorkinentzat arropak biltzen zituzten. Joan nintzen, nire zahar mordo bat poltsatan hartuta. Bueltan ekarri nituen. M taillakoak behar zituzten. «Hona heltzen direnek, badakizu, gorputz mehartua izaten dute», esan zidan bolondresak. Errudun sentitu nintzen ez jabetzeagatik; erantzule, jabetzarengatik.