Idatzi ez den liburu baten lehen pasartea: «Noiz bilakatzen da pertsona nagusi? Lehen musuarekin? Batetik bestera korrika joateari uzten dionean? Lehen lanpostuarekin? Bere arropa erosten hasten denean? Lehen aldiz gurasoen etxetik kanpo bizitzen jartzen denean? Ekintzek ondorioak dituztela jabetzen den unean? Nire kasua kontatuko dizuet nik. Nire heldutasuna ez zen lehen aipaturiko kontu horietan zedarritu. Nire heldutasuna iritsi zen amak arrain-buruak ez zituela hain gustuko ohartu nintzen egunean. ‘Nik txupatuko dut burua. Badakizue asko gustatzen zaidala’. Halako batean konturatu nintzen, burua txupatzea ez zela bere helburua, gainerako mamia guri banatzea baizik. Kasualitate handiegia zen ama guztiei arrain-buru guztiak txupatzea hainbeste gustatzea. Pena bakarra dut: ordurako berrogeitaka urte banituela…».
Atzo aurkeztu zuten Mamia liburua. Euskal sukaldaritzan pisu handia izan duten 50 emakumeren testigantzak azaltzen dira. Sukaldari, jatetxe jabe, ardo upategi eta sagardotegietako nagusi, sukaldaritzari buruzko kazetari…denetik ageri da liburuan. Sukaldeko lurruna izaten zen orain arte emakumeentzat, eta fokuak gizonezkoentzat. Begi bistakoa zena aitortzea beti dago ongi.
42 euro balio ditu liburuak. Patrika askorentzat, asko. Ama batek baino gehiagok segitu beharko du arrain-burua txupatzea gustatzen zaiola esaten.