Haurrek gozatu. Gozatu gazteek. Gozatu helduek, eta nagusiek ere gozatu. Gozatu asteburua. Gozatu lantegian. Gozatu mendi-bueltan. Gozatu zineman. Gozatu bilobak zaintzen. Lehian ere, ahal bada, gozatu.
Badirudi ez dakigula besterik aholkatzen. Esan daiteke ez diogula hurkoari besterik opa. Gozatu. Duela hogeita lau mende Aristipo Zirenekoak eta Epikurok ez zuketen sumatu ere egingo beraien bizitza-goiburuak zenbaterainoko arrakasta izango zuen gaur egun. Gozamenaren bila jo. Plazera aurkitu, hori da eta zorionerako biderik laburrena. Ez dago gaizki pentsatua. Gozamenak irtenbide egokia eskaintzen dio kristautasunak maiz itsatsi izan digun sufritu beharraren sufritu beharrari. Neurrian datza gakoa, ordea. «Gozatu» esateagatik esaten dugu gehien-gehienetan...
Aurtengo Behobiatik Donostiarako korrikaldirako egin duten elastikoa aurkeztu berri dute. Gozatu dio bular parean. Eta goraxeago antolatzaile nagusiaren izena azaltzen da: Fortuna. Goitik behera, Fortuna gozatu irakurri ahal izango da milaka elastikotan. Eta bizi-baldintzak estutzera omen doazen udazken honetan, batek baino gehiagok pentsatuko du berak ez duela fortunarik gozatu ahal izateko. Ez zela eragindako sehaskan jaio. Edo bizitzan ez duela zori onik izan.
HITZ ETZANAK
Aristipo
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu