Asteazken goiza. Zortziak eta hogei. Oraintxe behar du Korrikak Bergaratik gora, Elgetarantz. Itxi ditut begiak.
Elgetatik Eibar aldera, Korrikaren buruan, Jacinto Rivas Elgeta trikitilaria ikusi dut. Oinez doa, baina bixi-bixi, martxa ez gehiegi makaltze aldera. Furgonetako musika isildu dute eta kalejira bat jotzen ari da, baina ez da azken Korrikatarako egindako doinu alai horietako bat. Elgetaren kalejirek badute zerbait tristetik, negarretik, oroiminetik... Berari proposatu zioten Elgetatik Eibarrerako bidean taldearen gidaritza hartzea. Ezagutzen zuen bidea. Artean gazte zela egin zuen. Eta gainera, esan zioten bere figura oso estimatua dela AEKn. Gure herri honen Historian, irakasle on bezain prekarioaren irudia berak bezain ongi betetzen duenik ez dela. Hitzeman zioten emango zizkiotela biderako hiru-lau puru.
Joatekoa zen Elgeta Korrikara. Ikusi ere egin nuen nik begiak itxita. Azkenean ez zen azaldu, ordea. Goizeko bostak-seiak arte ez oheratzeko ohitura du. Karta jokoan aritzen da bere buruaren aurka. «Solitarioak» egiten. Eta ez da sekula eguerdia baino lehen ohetik jaikitzen. Trikitilari mitikoak parte hartzea nahi badu, antolakuntzak ordutegia bere premietara doitu beharko du hurrengo ekitaldietarako.