Luze egiten zitzaizkidan udako egun haiek. Goizean abiatu eta iluntzean itzuli. Aitak-eta eurekin eraman izan ninduten sukaldeko altzariak muntatzera. Zamalanetan zeozer laguntzen nuen, askorik ez, baina. Gero, sukaldean, neure burua ezgauza sumatzen nuen. Ez nezakeen gehiegi lagundu, lankideren baten makurraldiren bat saihesteko ez bazen. Emadak honako edo ekar iezadak beste halako. Horrez gainera, nire lana oso jakinekoa izaten zen: tirafondoei argizaria eman, errazago sar zitezen. Eta hala pasatzen nuen eguna, tirafondoei argizaria eman eta eman…
Politikan, sukalde lana deitzen diote denboraz, patxadaz eta jendaurretik ezkutuan egiten den lan horri. Baina bakoitzak ditu bere aurrekari penalak, eta niri, sukalde lana entzun orduko, altzariak etortzen zaizkit burura, eta egun luzeak eta tirafondoak eta argizaria.
EAJ, EH Bildu eta PSE estatus berriari buruzko sukalde lanean hasiak daudela irakurri ahal izan dugu egunotan. Eta niri otu zait beharko dutela norbait tirafondoei argizaria eman eta eman arituko dena. Izan ere, behin altzari bat egiten hasita, zur gogorrekoa egin beharko da, ezta? Haritzezkoa, nahi badute, gure tradizioari segituz; ebanozkoa ere egin daiteke, zer izango garen aurreikusiz. Ez dadila izan zur zuri eta bigunezkoa. Horiek ez dute argizaririk behar izaten, baina azkar hondatzen dira.