Askotan sentitzen gara barregarri bizitzan zehar. Oroimenak, zorionez, badu gaitasuna komeni zaiona ezabatzeko. Ez beti, ordea.
Nire burua maiz ikusten dut Gipuzkoako Zubietako plazan. Ekialdera begira nago. Gaztea naiz, 26-28 urte. Gai jartzaileari ez diot aurpegirik jartzen. Eskuak bai. Eta esku horiekin eman dit objektua, hiru bertso botatzeko gaia. Madarikatu egin dut une batez, gaia hitzez eman ordez objektu baten bitartez emateko nagusitu den joera. Eskutan daukadana askotan ikusi izan dut, apaingarri, hormaren batean zintzilik. Badakit tresna zaharra dela. Badakit baduela esanahiren bat sakonekoa. Baina ez dakit zehazki zertan datzan. Hasi egin behar dut. Ya! Beste begiratu bat eman diot objektuari. Lehen ez nekienik ez dakit orain. Hasi egin behar dut. Gainera, entzule askorentzat objektu ezaguna izango dela jabetzen naiz. Eta ni, han, modderno inozente hau, tresna zaharkituei inoiz garrantzirik eman ez diedalako, zer esan ez dakidala. Hasi naiz halako batean. Eta… hiru bertso negargarri bota ditut, latz sufrituta.
Misterioa eta umorea uztartuz sei atal grabatuko dituzte Primeran-en emititzeko Mikel Pagadizabal eta Aitziber Gradosek. Programaren izenburua: Argizaiola. Ez dakit zer eduki izango duen, baina hitza entzunda bakarrik ere ileak lazten zaizkit niri. Mamu batzuk badira sakonenean habia egiten dutenak…