Zazpiak bat. Edo ez hain bat. Horrek zalantza handiak sortzen ditu. Eta zazpiak arrak. Horretan ez dirudi duda handirik dagoenik.
Aspaldian ohitzen ari gara edozein ekitaldi, bilera edo aurkezpenetako argazkietan gizonezkoak eta emakumezkoak batera ikusten. Atzo berripaper honi begiratu bat bota zionak sumatuko zituen Loraldia aurkezten hiru gizonezko eta lau emakumezko; Steilasen prentsaurreko agerraldian, bat eta bat; Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiaren atzealdeko lehen lerroan bi eta bi; duela hiru hilabeteko argazkia da, baina «denon bizitzak erdigunean» aldarrikatzen duen arabar mugimenduaren argazkian ere, emakumezkoak izan arren gehienak, gizonezkoren bat ikusiko zuen; eta gizonezkoen erremonte txapelketaren aurkezpenean ere, dozena bat gizonezkoaren erdian emakume bat, berripaper honen marketin arduraduna.
Salbuespen bakarra, lehen orriko albiste nagusiari dagokion argazkikoa. Ez da kasualitatezko salbuespena. Saudi Arabiako gela dotore batean munduaren norabidea erabakitzen ari direnak zazpi gizonezko dira. AEBen eta Errusiaren arteko harremana normalizatzeko «lehen urratsa» omen da. Normalizatzen ari den zerbaitetan hutsegitetik abiatu dira orduan! Europazaleren batek esan dezake Europa falta zela han. Hartara, gutxienez, Ursula von der Leyen azalduko zela…