Herenegun lehen orriko albiste nagusia zen. Loiuko aireportuan hamaika egunez atxikia izan zuten ekintzaile sahararra deportatu egin behar zuten. Auzitegi Nazionalak ez zituen onartu kanporatzea eragozteko eskatutako kautelazko neurriak. Ondorioz, Espainiako Gobernuak ez zion asilorik eman.
Gertaeraren larriaz haratago, hitzak berak eman zidan atentzioa. Asilo grezieratik dator. Babeslekuak ziren asiloak, inork bortxaz har ez zitzakeen leku izendatuak, gehienetan eliza, ermita eta tenpluak. Besteak beste, harat-honat zebiltzan merkataririk aberatsenen ostatu kuttunak omen ziren asiloak, han ez baitzuten inork eraso egin eta lapurtuko zieten kezkarik. Asilo eta atxilo. Ondo hoskideak dira. Eta ondo ondorio desberdinak dituzte! Bataren ezak bestea dakar asko eta askotan. Yusef Marokora deportatzekotan ziren...
Hemen, zaharrentzako egoitzei urte askoan deitu izan diegu «asilo». Bat bazen Donostian, entzutetsua eta bi hitz izan arren bakarra balitz bezala ahoskatzen genuena. Eta ezagutu nuen gizonezko bat urteetan aurrera joan ahala ezpainetatik zintzilik beti esaldi bera zuena: «Nik ez diat AsiloMatian bukatu nahi». Bizitza oso bere erara antolatzen ohitua, sumatzen zuen nonbait hura, beretzat, AtxiloMatia izan zitekeela.