Joan da egun bakar batek dakarren berotasuna. Egun batez, guztiok zin egin dugu —erakundeek, elkarteek, norbanakook— gure hizkuntza babestuko dugula; euskaraz egingo diogula, beti, dakienari; ez dakienari bideak zabaltzen ahaleginduko garela ikas dezan; indartuko dugula euskarazko sorkuntza eta eskainiko diogula merezi duen plaza. Egun epelagoak etorriko dira orain. Eta laster… hotza, berriz hotza.
Bi hormatxoriren irudia etorri zait gogora egunkari honen lehen orrialdeko argazkia ikustean. Euskal Herrian Euskaraz taldeko bi militante dira, Baionako Auzitegiko eraikinaren teilatuan. Justizia euskararentzat eskatzen dute. Konturatzerako ahapeka kantuan ari nintzen: «Hormatxoriak negu gorrian ez du atsegin elurra, zerua goibel, kabia hotza, ta janari gabe lurra…». Bertso zahar bikain haiek ezerk baino hobeto irudikatzen dute larrialdia. Eraikineko nagusiak «ate ondoan hor konpon»-ka ari dira aspaldian…
Hormatxori bi, Palais de Justice-ren teilatuan. Egun handia pasatu ondoren gu horixe garela pentsatzen ari nintzela katigatu zait beste hitz bat gogoan. Yon Etxaideri ikasi genion Pio Barojaren Xanti Andiaren kezkak euskaratu zuenean. Haitz-negar deitu zien estalaktitei. Bi haitz-negar ere izan zitezkeen bi kideak. Horma arrotz batean denboraren poderioz haitz bihurrarazi dituzten bi ur jario.