andoni egana
HITZ ETZANAK

Antiojoak

2022ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Jardina korrika gurutzatu eta etxe atarira salatari iritsi da aita bankariaren umea: «Aita, aita! Kalean gizon antiojodun batek emakume bati kartera nola lapurtu dion ikusi dut!». Aitaren erantzuna: «Eta zer du txarretik antiojoak janzteak? Jakin behar zenuke batzuek besteek baino bista txarragoa izaten dutela eta horregatik ez direla besteak baino gutxiago. Ez zenieke sekula iseka egin behar zure ikasgelako ume antiojodunei».

Bakoitzak komeni zaion lekuan kokatzen du begirada. Eta askotan, parekoa umetzat hartzen dugunean batik bat, despiste ariketa bat baino ez da izaten begirada onberaren hori. Pare bat adibide izan ditugu azken egunotan. FIFAko presidente Gianni Infantinok horixe egin zuen Munduko Futbol Txapelketa Qatarren jokatzea zuritzeko: europarrok ere hiru mila urte daramatzagu bidegabekeriak egiten; niri ere iseka egiten zidaten eskolan ilegorria eta migranteen semea nintzelako; hitza emango diot nire idazkariari homosexuala dela aitor dezan... Gauza bertsua egin dute COP27aren ostean munduko agintari ahaltsuenek. Herrialde aberatsenek pobreenei laguntzeko konpromisoari baiezkoa eman diote. Nork nori eta ze zerga motaren bidez, hori ez dute zehaztu.

Antiojoetan kokatzen dute begirada propio, lapurretak ahantzi ditzagun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.