Larua zen. Edo urre kolorekoa. Edo purpura. Deitu nahi duzuen bezala. Baina historiako lehen alfonbra gorria ez ei zen gorria, garai hartan tinte hura oso garestia zelako, besteak beste. Eskiloren antzerki-lan batean azaltzen da lehen aldiz alfonbra gorri izatera iritsiko zena. Itzuli zen Troiatik etxera Agamenon. Emazteak gibel-asmoak zituen beretzat. Hil egin nahi zuen. Eta zerbitzariei agindu zien Agamenonek zaldia uzten zuen lekutik etxerako bidea alfonbra batez estaltzeko. Jainko-Jainkosek baino ez zezaketen zapal alfonbra gorria, eta haien haserrea tarteko, senarra hiltzen errazagoa izango zela bururatu zitzaion andreari.
Bazuen istorioak xarma. Oso gerora, alfonbra gorria bihurtu zen agintariei ongietorria egiteko era. Eta glamourretik tiraka, aktoreentzat sarbide, Oscar sarietatik hasi eta munduan zehar ospatzen diren zinemaldietan amaitu. Donostian alfonbra gorriaren astea dugu hau...
Gizakiok, ordea, zerbaiti xarma eransten bezain onak gara zerbait hori xarmaz eranzten. Norbaiti otu zitzaion munduko alfonbra gorririk luzeena egiteak onura ekonomikoak ekar zitzakeela. Almerian egin zuten. Katedralean hasi, eta Komertzialgune handi batean amaitu. Sei kilometro eta erdi guztira. Eta lehenengo iristen zirenentzat Komertzialguneak eskainitako sariak… Tokitan geratu dira Eskilo, Troia, Agamenon, erailketak…