Joan zen igandeko Nasan gehigarrian Marta Garcia musika kritikariak hala hasi zuen Berritasunaren magia bilatzen zuen alferra izenburudun zutabea: «Badirudi konposizioa zela Raveli erabateko galbana sortzen ez zion musika-jarduera bakarra». Ondoren, xehatu egiten zuen Maurice Ravel konpositore ziburutarrari buruz esana. Ravel bera kontatua zen elkarrizketaren batean bere haurtzaroaz ari zela, nola bere askotariko dohainek kezkatu egiten zituzten gurasoak, dohaintsua izateaz gain, sekulako alferra ere bazelako.
Raveli heltzeko modu ezin ederragoa iruditu zait Marta Garciarena. Ravelez gaindiko gai bati atea zabaltzen dio. Noiz izaten du umeak bere alferkeriaren berri? Alferkeria, zenbait kasutan, alfertasun izan daiteke? Zer da hobea, langile alferra ala alfer langilea?
Oso gutxi dakit Ravelez, baina kondairak dio behin Parisko lagun batekin etorri zela Lapurdiko itsasertzean zeukan etxera egun batzuk pasatzera. Laguna, goizean goiz jaiki, eta gosaldu aurretik itsas bainu bat hartzera abiatu zen. Maurice Ravel topatu zuen, pijamatan, pianoan. «Ea hau zer iruditzen zaizun…», galdetu zion. Eta jo omen zizkion Bolero-n behin eta berriz errepikatzen diren nota horiek. Ez dakigu lagunak zer erantzun zion. Eta ez dakigu Mauricek gaua han eman zuen ala hamar minutu lehenago zen itzarria. Ederra hori da.