andoni egana

Aleak

2025eko urtarrilaren 2a
05:00
Entzun

Mahatsak irenstetik zortzi ordura ari naiz hau idazten. Eztarriko zuloan dauzkadalako oraindik edo, ohitura horren jatorriari so jartzea bururatu zait. Badira hainbat uste eta deus garbirik ez. Zenbaiten arabera, XX. mendearen hasieran Alacanten (Espainia) mahats-uzta izugarria izan zen urte batez, eta soberakinei irteera eman nahian, ardogileei otu zitzaien hamabinaka jarri, eta Urtezahar gauerako saltzea. Beste zenbaitek diote ezinezkoa dela jatorri hori izatea, XIX. mende bukaerako egunkarietan azaltzen baita ohitura hori bete zutela herritarrek. Bada Espainiara Frantziatik heldu zela dioenik. Eta baita Frantziara Espainiatik iritsi zela ziurtatzen duenik ere.

Nik teoriarik xelebreena dut gustukoen. 1882. urtea. Madril. Orduko aristokrata eta burgesek ohitura omen zuten taldetxoetan elkartu eta urtea xanpaina edanez eta mahatsak janez agurtzekoa. Gizartean eta politikan garai gorabeheratsua zen hura ere. Eta kalearen erabilera oso zegoen murriztua. Herritar xume batzuei bururatu zitzaien aberaskiloen imintzioak egitea. Plazara irten ziren, Puerta del Sol-era, eta kanpaikada bakoitzeko mahats ale bana irensteari ekin zioten... Behetik gora, eta ongi egindako burlak beti du grazia.

Baina ahaltsuak beti ematen dio egoerari buelta. «Egiguzue barre, guk negozioa egingo dugu eta», pentsatuko zuen batek baino gehiagok...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.