Ez naiz ordenatua. Ezta albisteak irakurtzeko garaian ere! Zenbaitetan, albisteari begiradatxo bat botatzen diot erdigunetik edo bukaeratik hasita, eta radarrak zerbait adierazten badit, orduan heltzen diot osotasunari. Atzo, horrela nenbilela, azken ahapaldi batean aldiro hitzarekin egin nuen topo: «Profesional horrek baja hartzen duen aldiro...».
Nahia Garcia nerabeaz mintzo zen albistea. Gorreria du, eta eskolan gelakideen martxari segitzea kosta egiten zaio. Bestelako profesionalen babesaz gain, batik bat, interprete bat behar du ondoan. Itunpeko ikastetxetik atera eta etxe atariko institutu publikoan matrikulatu zuten Nahia, baliabide gehiago izango zituelakoan. Hala izan omen zen irailean. Baina «profesional horrek baja hartzen duen aldiro batere gabe geratzen da».
Kontxo! Irailetik hona eta aldiro? Badakit pertsonok gaixotzeko eskubidea dugula; badakit gaixotasun horiek lanerako ezgaitu gaitzaketela; badakit baja hartu duenak ez duela inongo errurik eta gibel-asmorik izango. Eta bego argi lan-absentismoari buruz dudan ikuspegiak ez duela zerikusirik Confebaskek izan dezakeenarekin. Gainera, albistea irakurri ahala jabetu naiz. Azaroaren 23tik urtarrilaren 29ra, eta aste honetan hartu ditu bajak. Ez da hain «aldiro»...