Mende erdi honetan gure inguruan gauzak hainbeste ez direla aldatu bezain erraz argudia daiteke kontuak ikaragarri aldatu direla.
Duela 50 urte ez zen Euskal Herriko Unibertsitaterik; ez geunden hiru Administraziotan zatiturik; ez zen irrati-telebista publikorik eta egunkari nazionalik ere ez; Vitoritik autoz irtetea nahiko erraza zen; ez zen bertsolari txapelketarik jokatzen gazteentzako bakanen batzuk salbu; telefonoari eragin egin behar zitzaion, eta ez kalka; pezetatan neurtzen zen ezina, eta ez eurotan; hormak ez zuen artean dirurik ematen; entziklopediak saltzen ziren; pantaila bakarra zen, eta kateak, bi; soldadutza derrigorrezkoa zen hegoaldean; ez zen adimen emozionalaz hitzegiten, ezta artifizialaz ere; enpatia hitza entzun gabeak ginen artean; jan egiten zen, eta ez elikatu; edan egiten zen, eta ez hidratatu; Raquek Welchen berri gehiago iristen zitzaizkigun Angela Davisenak baino; takigrafia jakitea gauza handia zen; ez genuen ekologiaz hitz egiten, Debako zentral nuklearraren egitasmoa ezagutzera eman zen arte; dibortzioa ez zen legezkoa; homosexualitatea kartzelarekin zigortua zegoen Espainian…
Atzo ez zela ia deus aldatu zirudien; gaur, ia dena aldatu dela. Badakit ez diodala, hurrik ere, Iñigo Astizen jolasari erantzun. Aurrera begiratzen ez dakigunok atzera begiratu behar.