Bizimodu eredu bat. Egungoa. Zatituak oso bizitza arloak. Esaterako, lana eta aisiartea. Gai gara, eguna lanean eman, eta denboraz juxtu samar gabiltzalako kiroldegira autoz joateko, oinez eta bixi-bixi joan izan bagina gorputzari aski mesede egingo geniokeela ohartu gabe. Gaurko berrietako bat, Gipuzkoan dagoen taxi eskasiari dagokionez; egungo bizimodu guztiz printzatuari buruzko irudi bat etorri zait gogora. Triatleta bat, taxien itxarongunean zain. Jende asko dauka aurretik ilaran eta erre-erre eginda dago. Etxera itzuli nahi du ahalik eta azkarren, biharamun goizean hamabost kilometroko korrikaldia eta arratsaldean 80 kilometroko bizikleta saioa egin behar dituelako.
Bestelako bizimodu eredu bat. Duela berrogeitaka urtekoa. Xabier Zaldua herri kirolariaren eskutik dator testigantza: «Aita 22 hilabete nituela joan zitzaigun teilatutik erorita. Amak ez zuen autorik, baina astoa bai. Eta hari itsatsita ibiltzen genuen gurdian daukat nire lehen oroitzapena. Esne banatzen ibiltzen zen ama, eta gurdi horretan eramaten ninduen eskolara, marmita artean. Arratsaldean, bere ondoan ibiltzen ninduen banaketan». Lana, zaintza, heziketa, garraioa… denak pakete berean. Beharra da irakaslerik onena…
Ez nago iragan-minak joa. Ez diot eredu bat bestea baino hobea ala txarragoa denik. Aldeak nabarmendu baino ez nuen egin nahi.