andoni egana

Aldeak

2024ko irailaren 4a
05:00
Entzun

Inklusibitatea praktikatzen genuen. Beharko praktikatu! Gure herriko alde zaharreko etxe zahar batean bizi ginen, maizter. Uda iristearekin heltzen ziren veraneanteak. Inguruko jatetxeren batera joaten ziren otordua egitera eta han adierazten zieten ze etxetan egon zitezkeen gelaren bat edo bi libre lotarako. Lau belaunaldi bizi ginen gurean lehen ere. Kanpotarrak heltzearekin logela gutxiagotan pilatzen ginen eta haientzat uzten logelez gain, egongela eta komun ona. Igurtzi ezinbesteko haren oroitzapen txarrik ez dut. Alderantziz. Gaztelania praktikatzen genuen, frantsez apur bat ikasi, eta tenisaren kontaduria modu bitxia ulertzen saiatu. Eta haiek ere entzuten zituzten gure hizkuntza, gure haur-kantuak, gure errietaldiak...

Esklusibitatea nagusitu da orain. Igurtzia mespretxatu egiten da. Donostian hotel bat ireki dute moila inguruan. Gainaldeko terrazatik bista zoragarriak omen ditu. Bertan ostatu hartu dutenak ez ezik, herritarrak ere igo daitezke tragoxka bat urrearen prezioan hartzeko gutizia badute. Baina igogailuan baino ez daiteke igo eta zelatari batek nortasun agiria eskatzen du sarreran... Haizea hartzera!

Turismoa. Masifikazioa. Hiri eredua. Molestiaren trukeko irabazia bertakoen esku askotara iristen zen lehen, gutxi bazen ere. Orain, esku gutxitara iristen da. Eta asko. Eta auskalo nongoen eskuetara!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.