Albo-kalteak. Hitz itsusia itsusirik bada. Ustez handi diren helburuak lortzeko ustez txikiagoak diren pertsona eta gauzak suntsitzea, suntsiketa hori ezinbestekotzat aurkeztuz. Gerrak beti sortzen ditu albo-kalteak. Jakineko kontua da hori. Gutxiagotan aipatzen dira gerraren albo-mesedeak. Norbaitek pentsa dezake garun bihurrituak baino ez direla gai gerrari ere alde onak aurkitzeko, baina...
Ni orain zutabe hau pantaila batean idazten ari banaiz, Lehen Mundu Gerra bat izan zelako izan daiteke. Gerra haren ondorioz hasi omen ziren gerora ordenagailu, satelite eta gainerako bihurtuko zirenak. Gerra hura Europako lokatz artean jokatu zen, eta eguraldiari aldez aurretik antzeman nahi izaten zioten armadek, lubakietatik noiz irten edo noiz ez erabakitzeko. Psikometriak ere asko zor dio gerra hari. Orduan hasi ziren testak egiten. Helburua, lehen lerrora nor bidali eta bigarrengorako nor babestu erabakitzea galdera-erantzunen bidez.
Bigarren Mundu Gerrak ere ekarri zuen bere albo-mesedea. Bukatu eta bi-hiru urtera jokatu ziren Londresen Olinpiar Jokoak. Eta norbaiti otu zitzaion gerran zaurituek behar zuketela lekuren bat festa hartan. Horrela sortu ziren Paralinpiar Jokoak. Estreinako aldi hartan ez ziren zortzi parte hartzaile baino izan. Espezialitate bakarrean lehiatu ziren. Zertan asmatzen ez da zaila. Tiroan...