Azken 32 urtean gauza askotan aurrera egin dugu eta atzera beste askotan. Urte kopurua ez dut kasualitatez zehaztu.
1992an Bartzelonan egin ziren Olinpiar Jokoak. Gogoan neukan noiztsu, baina datak xehe-mehe begiratu ditut Wikipedian. Uztailaren 25etik abuztuaren 9ra. Berretsi egin du nire oroitzapena. Banekien Olinpiar Joko haiek ez nituela nahi beste gozatu ahal izan. Guretzat, orduan, urteko lanegun gogorrenetarikoak ziren santiotatik abuztuaren 11 edo 12ra bitartekoak. Gasteizko Udalean egiten nuen lan eta Andre Maria Zuriaren jaietan lana pilatu egiten zitzaigun. Baina egin egin ziren, betiko data eta moduetan Jazz Jaialdia, Santiago eguna, Andre Maria Zuriaren jaiak...
Egunkari honen lehen orrian «Baiona ere besta betean» irakurri nuenean harritu egin nintzen. Ez al ziren beranduago izaten? Barne-orrialdeetan izan nuen aldaketaren arrazoiaren berri: «Abuztuan Parisen iraganen diren Olinpìar Jokoak direla eta, Baionako Herriko Etxeak bestak aitzinatzea erabaki du aurten, segurtasunerako nahi zuen polizia kopurua izateko». Kontxo! Bartzelonako Olinpiar Jokoek ez zieten Gasteizko jaiei eragin; Pariskoek bai Baionakoei. Eta polizia eskasiarengatik! Jaietan ere segurtasuna nagusitzen ari bada laster da lurralde oro eremu.