Andre bat hil dute Gasteizko zahar etxe batean. 94 urte zituen eta egoliarra zen zahar etxe hartan. Ustezko erasotzailea, 68 urteko gizonezko beste egoiliar bat, atxilotu egin dute. Horraino berri lazgarria. Hortik aurrera zure baitako ahots nagusi biak abian jarriko dira.
Ahotsetan aurrerakoienak esango dizu sistemak huts egin duela; gizarte honek asko gauzkala geure onetik aterarazita; ustezko hiltzaileak aita hiltzeagatik kartzelan hogeita bost urte eman zituela eta kartzelak ez zuela bere helbururik —gizarteratzea— bete inola ere; biak direla errukarri, hildakoa eta hiltzailea. Gauez zenbat zaintzaile izaten diren pentsatzera iritsiko zara. Zaintzara behar adinako aurrekontua destinatuko balute horrelakorik gertatzeko arrisku gutxiago legokeela sinetsi nahi duzu. Zentro pribaturik ez lukeela behar guztiona den arazo bati aurre egiteko…
Beste ahots bat ere baduzu ordea zure baitan, kulturari eta heziketari esker hilagoa, baina hor datzana. «Errukarria hiltzailea? Hildakoa bai, baduk errukarri!», «ze ari haiz pribatu eta pribatukondo?», esango dizu. «Kartzelaren helburua zein? Hi haiz hi inozentea. Kartzelak zeudek daudenerako!», «batzuen gaitza ez zagok konpontzerik. Horrelakoekin egin behar dena duk hartu hesola bat eta…».
Konturatu zara horrelakoetan zuk egin dezakezun bakarra dela bigarren ahotsa hiltzen saiatu.