andoni egana
HITZ ETZANAK

Adarra jo

2021eko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Munduan ibiltzeko jarrerarik galgarriena dela uste dut. «Niri ez didate adarrik joko» goiburutzat hartuta ibiltzen da zenbait bizitzan. Ezagutuko dituzue inguruan «niri ez didate adarrik joko»-ren batzuk. Eskarmentudun pertsonak izaten dira, txarrak jasandakoak askotan. Une batetik aurrera krak! egin eta «niri ez didate adarrik joko»-ren aldera igaro direnak.

Berekoitzat hartuko dituzu hasieran; xelebretzat akaso; bereari baino begiratzen ez dioten gutiziatsutzat. Baina ez dira hori —hori soilik ez, behintzat—, «niri ez didate adarrik joko»-tarrak. Minetik datoz, eta gai dira berriz min ez hartzeagatik besteri min emateko. Pandemia garaiotan, lehenez gainera, nabarmendu egin dira. Tabernariak esertzeko eskatu diola? Ez doa beretzat. Beti zutik hartu izan du txikitoa berak. Berari «ez diote adarrik joko». Azkenean, xextra. Udaltzainak musukoa ongi jartzeko agindu diola? Ikusi ditu beste batzuk musukoa gaizki jarrita eta haiei ez die deus esan. Zergatik berari bai? Adarra jo nahi al diote? Ika-mika azkenean. Udalerrien mugak ezin direla gainditu? Berari ez diote adarrik joko. Ezagutzen du modu bat...

Jasandako minak beldurra sortzen du. Beldurrak, mesfidantza. Mesfidantzak, «niri ez didate adarrik joko»-tarrak. Eta horiek jendartea zulatzen dute...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.