andoni egana
HITZ ETZANAK

Abuztua

2023ko irailaren 6a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Entrenatzaile batek egin zuen ospetsu «futbola futbola da» esaldia. Inork ez ziezaiokeen esan ezezkorik. «Abuztua abuztua da» esan du orain Adegiko Lehiakortasun eta Berrikuntza zuzendariak. Egia borobilagorik! Zertarako katigatu interpretazio katramilatsuetan?

Abuztuko enplegu eta langabezia datuez ari zen. Espainian, erkidegoan, Gipuzkoan... enpleguak behera eta langabeziak gora egin dute abuztuan. Ohikoa omen da. Espero omen zitekeen joandako urteetako joerari begira.

Niretzat datu berria da, ordea. Turismoak irentsitako herri batekoa naiz, eta bote-lasterrera enpleguak gora eta langabeziak behera egiten dutela abuztuan esango nukeen. Usteak malgu bezain egoskor dira datuak, ordea. Eta datuek eraginda pentsatzen hasi, eta ohartuko zara urrutira gabe ezagutzen dituzula uztailean kontratua eten eta irailean leku berean hasten diren irakasleak; ezagutzen dituzula uztailean kontratua eten eta —zorterik badute— irailean beste nonbaiten hasi behar duten maisu-maistrak. Ez dituzu hain gertutik ezagutzen, baina burura etorri zaizkizu eskola-garraioan ibiltzen diren gidariak, eskola-jantokietako langileak... Eta hori irakaskuntzaren arloan bakarrik! Prekaritatea deitzen zaio, nahiz zenbaitek nahiago duen «abuztua abuztua da» esan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.