Anjel Lertxundi.

Zertaz ari gara Europaz ari garenean?

2024ko ekainaren 2a
05:00
Entzun
(ID_17171464742645) HIRUKO HITZA
EIDER EIBAR

Bertan egonik, hain urrun.

Datorren igandean, hauteskundeak berriro, Europakoak oraingoan. Aurreko deialdietan Europako bozketek ez zuten arreta berezirik eragiten. Hoztasuna, distantzia, ezaxola, arroztasuna, indiferentzia, hainbeste bozketaren matraka… Hori guztia egozten zitzaion hauteskunde europarren parte-hartze erdipurdikoari. Bertan egonik, ematen zuen ez ginela (hain) europarrak. Itxura guztien arabera, aurtengo bozketok bi zirkunstantzia malapartaturekin datoz: Ukraina eta Palestinako gerren eragina batetik, ultra-eskuinen nabarmen gora egiteko oso aukera posiblea bestetik. Ezin jakin. Hala gertatuko balitz, alderdi demokratikoek oso izango dute larria ultren seta kudeatzea.

Orain egun batzuk Europan dezente ibilia den eta Europako Bigarren Mundu Gerra osteko literatura ondo ezagutzen duen lagun baten mezua: «Beldur handia diet datorren igandeko hauteskundeei. Oso handia. Betiko zakur amorratuak agertokira igotzeko zorian dira». Beldurra hauteskundeen aurretik; are beldur ziztagarriagoa emaitzek ekar ditzaketen ondorioei. Ai, bageunde oker!

Zertaz ari gara maitasunaz ari garenean?, dio Raymond Carverren nobela ezagunaren izenburuak. Koro Navarrok euskarara itzulia, emankorra da izenburuaren parafrasia egiteko; maitasunaren lekuan Europa jarriz, propio dator aldaketa igandeko hauteskundeei aplikatzeko: zertaz ari gara Europaz ari garenean? Europa zer esaten ari zaizu, Europa zer esaten ari zait bozkatzera joatearen arrazoiez, motiboez, urgentziaz? Zer da Europa guretzat, zer da igandean bozkatuko duguna? Konpromiso hutsa, gure bizitzari ez dio askorik eragingo? Fidakaitz jarrita —gezur-aroan bizi gara—, hainbesterainokoa da eskuindarren arriskua Europarentzat; zenbateraino da propaganda eta zenbateraino benetako alarma? Eta hari beretik tiraka, zertaz ari gara Europaren etorkizunaz mintzatzean apenas dakigunean edo nekez ulertzen dugunean zer den gaurko Europa, ia izenez ere ezagutzen ez ditugunean bertan ordezkatzen gaituzten politikariak?

Aurki eta ifrentzu.

Boto-emaile arrunt baten galderak dira, Europa Kamerun bezain urruti balego bezala egindakoak. Ahaztu egin zaigu Espainiako zenbat erabaki judizial gaizto bota duen Europak atzera; ahaztu pandemia garaian erakutsi zuen irmotasuna; ahaztu hainbat diruren banaketa soziala Estatu aberatsenetatik Estatu behartsuenei... Badira, noski eta ugari, oso elementu negatiboak ere. Gure intereseko bat aipatzeko: hizkuntza ez ofizialen bazterketa larria, ia totala, praktikatzen dute Europako Estatu batzuetan, hain hurbil daukagun Frantziatik hasita.

Bigarren Mundu Gerraren ondorengo lotsa gainditu eta duintasuna irabaztea izan zen Europa batu nahiaren helburua: alegia, demokrazia berreskuratu eta indartzea. Bestalde, gerraren kausaz baita ere, Europako nazio nagusiak —Alemania, Frantzia, …— ez ziren jada nor ekonomiaren lidertzan, beharrezkoa zuten ekonomia zulotik ateratzea, lehiakortasuna behar zuten. Zer hobeto elkarrekin baino, Estatu Batuekin eta Txinarekin konpetitzeko? Demokrazia eta ekonomia, horiek ziren eta izaten segitzen dute Europaren ibilbide politikoaren markak, beren kontraesan guztiekin.

Ez dira orduko garaiak: Ukrainako gerra eta Palestinako masakrea direla bide, armen produkzioa indartzen ari da gerren kontra jaio zen Europar Batasunean, ez dakigularik bi gerrak zenbateraino ez diren aitzakiak ere arma-industriak indartzeko eta normaltzeko. Demokraziari dagokionez, Europaren ardatz ideologikoa izan da gaur arte, bere ahulezia guztiekin eta kontraesanak kontraesan. Baina egoera asko aldatzen ari baita ultra-eskuinen indar-berritzearen eraginez, hedabideetan eta debate politikoan alarma-deiak dira nagusi, u, u, u, u! egiten ari zaigu Xabier Leteren otsoa.

Aurki eta ifrentzu: hori guztia hor egonik ere, gehienok nekez asmatuko genuke Europari buruzko zentzuzko zerbait esaten, ez genuke jakingo zehazten zertaz ari garen Europaz ari garenean. Erantzun genezake euroeszeptikoak garela, polita geratzen da. Fin-xut jarrita, erantzun genezake Europa entelekia bat dela ere, urruti dagoen mundu bat gure eguneroko errealitatean eta kezketan. Estatuak nahiko buruhauste ematen ez digu ba Europarekin kezkatzen hasteko?

Europa, ordea, ez dago Kamerun bezain urruti. Aitzitik. Europan bizi gara, europarrak gara. Izango dugu ba erantzukizunen bat Europaren gure pertzepzioan edo nagitasunean; edo agian egia da Europak ez digula zipitzik ere axola? Hala balitz ere: gure hoztasunaren kausa ez litzateke (soilik) gurea: politikariek eta hedabideek, hezkuntza sistemak, gure mentalitate etxezuloak, gure herri-proiektuak izango dute ba erantzukizunik gure hoztasunean? Edo bazter-herri izateko bokazioa dugu?

Bazter-herrietan.

Iztuetak hala deitu zion, bazter-herri, Zaldibiari: «Bazter-herri txiki Zaldibiakoa». Mitxelenak, aldiz, Euskal Herriari deitu zion horrela: «Gerta daitekeena dela deritzat gurea bezalako bazter-herri bateko jendea Europa arbuiatzen hastea Europaren berri ongi jakin baino lehenago».

Mitxelenaren hausnarketa 1960koa da. Hitzok argitaratzen dituenean, apenas den urtebete Frantziak, Alemaniak, Italiak, Herbehereek, Belgikak eta Luxenburgok Europa batu baten proiektuari ekin diotela. Mitxelena galdezka ari da garai hartako irakurleei ba ote dakiten zertaz ari diren Europaz ari direnean. 64 urte geroago ere, Mitxelenaren galderak bete-betean balio du gaur eta guretzat.

Euskaldunak gara, europarrak gara. Koldo Mitxelenak zioen Europa eta gu izeneko testu batean euskaldunon berezitasuna ez dela «europartasunaren hezur-mamiei usain eta kolore berexi antzekoa ematen dien larmintz mehea baizik». Ikuskeren eta hizkuntzen aniztasuna da gaurko Euskal Herriaren ezaugarrietako bat. Baina nahiz euskaraz edo gaztelaniaz edo frantsesez jardun, gure ikuskera kulturalen tradizioa ugaria da, europarrak gara; Europan ditugu sustrai nagusiak. Aspaldiko, atzoko, gaurko Europa zer litzateke Sokrates, Erasmo, Hannah Arendt gabe? Kulturak garamatza europarrak ez diren kulturetarako gizon-emakumeekin solidarioak izateko eremu komunera.

Leteren otsoak u, u, u, u! egiten zuen. Orain egun batzuk «betiko zakur amorratuak agertokira igotzeko zorian dira» esaten zidan lagun baten mezuak. Ulua eta zaunkak entzuten dira dagoeneko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.