'Solasaldia Sizilian'
du izenburu Elio Vittoriniren nobela euskaratu berriak. Hona liburuaren hasiera bikaina: «Negu hartan sumin abstraktuek hartua ninduten. Ez dut esango zein ziren, nire asmoa ez baita horretaz hitz egitea. Hala ere, esan behar dut abstraktuak zirela, ez heroikoak ez biziak [...] Eta nik zapatak hondatuta nituen».
Sumin abstraktuak buru-behazunetan, euri etengabeak hondatutako zapatak oinetan. Faxismo betea. «Ez dut esango zein ziren sumin abstraktuok», dio narratzaileak uko eginez ideologiaren abstrakziotik hitz egiteari. Errealitateaz mintzatzeko, baliabide ezin hobeak dira ironia, surrealismoa, xaribaria, hizkera primitiboen imintzioa... Narratzaileak badaki faxismoak gorroto dituela barrea, ironia, burla: sistema ideologiko itxiek (totalitarismoek bezala erlijioek ere) ez dute irria maite. Faxistek-eta hain dituzte goi-goian beren buruak, non trufa duten etsairik minena.
Ez dago faxismo hitza aipatu beharrik faxismoaz mintzatzeko.
Pello Lizarraldek itzuli berri duen Solasaldia Sizilian 1941 urtean argitaratu zen faxisten zentsurari iskin eginez. Neorrealismo italiarra bere onenak ematen ari da, baina irakurleak ez du heroismo belikorik aurkituko Vittoriniren obran, ezta Italiako egoera politikoaren berri-emate ez-literariorik ere.
Bigarren Mundu Gerra eta haren osteko testuinguru politiko-soziala kontagai harturik, hari hurbiletik begiratu, objektibotasunez jardun, kaleko hizkera eta estilo zuzena landu… Horra, eskematikoki, neorrealismoaz zabaldurik dagoen klixea zinearen bidetik. Baina hasierako neorrealismoaren poetika askoz ere ugariagoa eta noranahikoagoa da hurrengo hamarkadetan idatzi zenaren aldean. Eta artean beti gertatzen den bezala, mugimendu gorenaren arnasa ere ez da betirako, eta iristen da une bat, zeinean hastapenetako indar sortzailea mehetzen den. Halatsu faxismo osteko neorrealismoan ere:ez ziren jada garai onenak Vittorinirenak bezalako tonu poetiko eta jardun ironikoarentzat: neorrealismoaren literatura mota bat, publizitatuena, gertuegi zegoen egunerokotasun politikoaren ispilu izatetik. Baina ordurako, Vittorinik utzia zion idazteari; Italo Calvinok Oulipo izeneko tailer esperimentala sortu zuen Raymond Quenaurekin. Cesare Pavese, gogait eginda zegoen garaiko nobela asko errealitatea fotokopiatzen ikusten zuelako.
«Glaziazio neorrealista» deitu zionGesualdo Bufalinok. Proposamen estetiko berririk gabeko antzutze hotz hegemoniko bat. Nobela bat idatzi eta tiraderan gordetzen zuen. Beste bat, eta tiraderara.Hogei urte egin zituen horrela, Diceria dell'untore (Izurrituaren kalamatika) argitaratu zuen arte. Sekulako arrakastarekin. Lortuko zukeen txalorik hogei urte lehenago, argitaratu izan balu?
'Un ange passe'.
Zabalduta dagoen iritziarenkontrara, euskal literaturan uste dugun baino gehiago idatzi da indarkeriaren eraginaz, presente hurbilean kontatutako obrekin bezala kontakizuna beste garai eta lekuetara eramanez, baina, indarkeria delarik leitmotiv nagusia. Gure debatea politikoa zen funtsean, etikoa, hainbatentzat bederen eta ez literarioa. Ez zen epaitzen kalitate literarioa, posizioa baizik indarkeriaren aurrean.
Izan da, ordea, gai hegemonikotik kanpo jardun duen idazle finik. Gera nadin Pello Lizarralderekin. Bufalinok bere nobelak tiraderan gordetzen zituen bezala, Lizarraldek argitaratu egiten zituen gauzaren garaiko hegemonian, baina hautsik harrotu gabe, tximeleta bat agertu eta desagertu balitzaigu bezala gure irakurle-begien aurrean.
Lehen bi liburuek ez zuten durundarik atera, baina bai irakurle eskarmentudun batzuen miresmena eragin. Bitxi eta diferenteak ziren, beste atmosfera bat zekarten giro literariora. Iraupen ustez efimeroko sartu-irtena literaturaren plazan. Aldian behin, beste bisita bat, itxuraz hura ere efimeroa. Pixkana-pixkana haren mundua tokia hartzen ari zen irakurleriaren oroitzan.
Zer eskaintzen duen? Pertsonaia bat, bakarrik, ezer gutxi gertatzen zaion kontakizun batean. Hurrengo nobela batean, beste pertsonaia bat, beste lanbide bat, beste inguru bat, aurrekoaren trenpu bertsuan. Hurrengoan, halaxe. Gizaki baten bizitzaren tranche de vie edo bizitzaren pasarte labur bat, gehienetan peripezia askorik gabea. Zineari egindako keinu asko.
Liburu bakoitza (zazpi nobela labur eta bi ipuin-bilduma, oker ez banago) pertsonaia bakartien kaleidoskopio literario handi baten parte da, Patrick Modianoren nobela bakoitza ere gerra osteko Pariseko aldirienmosaiko erraldoi baten tesela den bezalatsu.
Irakurlea, idazle anonimo hori.
Lizarralderen narratzaileak ez digu esaten bere pertsonaiak bakartiak direnik. Guk ikusten ditugu nonahitik noranahi, aldian behin norbaitekin, haren bidez jakiten dugu zerbait pertsonaiaz. Baina lauso geratzen zaigu bere izaera, gure bizitzatik pasatzen diren pertsona asko eta asko (gehienak?) lauso geratzen zaizkigun legez. Zer dakit auzoaz, astean pare bat aldiz etortzen zaidan postariaz, egunero ogia erosten diodan dendariaz? Lizarralderen narratzailea ez da begiluze diskreziorik gabe bat,errespetua diodiskrezioa pertsonaiari. Horretan datza, besteak beste, Lizarralderen narrazioen misterioa.
Horra irakurlea orriari orri bere pertsonaia osatzen: Lizarralderen proposamenetik abiaturik, irakurle adina erretratu fisiko eta psikologiko dituzte Argiantzako Ramonek, Elur bustiako Ramirok, Larrepetiteko Josek eta Abelekedo È pericoloso sporgersiko Joxe Azkuek.
Pertsonaia bakartiak: hosto ihartu bana udazkeneko orbelean.Eta liburu batetik bestera, giro, garai, atmosfera oso pertsonal bateko tonu delikatua, airean balebil bezala testuari arnasa ematen. Xehetasun doiak, fintasuna oparohasieratik bukaeraraino…
Lizarralderen liburu bakoitza auzo-lanean jarduteko gonbita onartu izanaren saria da irakurlearentzat. Eta saria izango du Solasaldia Sizilian itzulpenaren irakurketa ere. Lizarraldek Vittoriniren mundua ekarri du bere estetikara, idazle askoren itzulpenak erruz dira autore maiteen omenaldi. Patrick Modiano, Gianni Celati eta Natalia Ginzburgen hainbat obraren itzulpenak ere Lizarralderen fikzioen albumean daude: Lizarralderen ibilbide literarioaren parte dira nobelak eta itzulpenak, mundu poetiko beraren haritik datoz sorkuntza propioa eta kanpotik ekarritako proposamenak.
HIRUKO (H)ITZA
Sumin abstraktuak, zapata hondatuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu