Anjel Lertxundi.

Min minena, atzera-bueltarik gabea

2024ko otsailaren 4a
05:00
Entzun
(ID_17068974134665) (/EZEZAGUNA)
Eider Eibar

 

Anonimoen-eta balentria. Txalotu egiten dutelako idazten du Ixak sare sozialetan, zergatik bestela? Bere artaldekoek zer entzun nahi dioten, hura eta gehiago ateratzen zaio baldarkeria mingarrienak esanez honen eta haren kontra. Anonimatua du ezkutu eta gorrotoa droga. Zeri eta zergatik dion halako herra berak ere ez luke jakingo zehazki esaten, bi topiko baino ez, baina konprobatua du gezurrak eta irainek indarra dutela. Behazun gaixoa bezain gaiztoa du hizkera, bere irainen anonimotasunak indartsu egiten du, nor sentitzen da. Ez konparatu akordioak-eta bilatzen omen dituztenen salduekin, gizarte hobe bat bilatzen omen dutenen ostikumeekin!

Anonimoa da baina ez dago bakarrik: eredu estimatuak ditu sareko eta paperezko panfletoetako kazetari-edo su-piztaileak. Miresmenez irakurtzen ditu haien testuak, haiek idatzitako artikuluetan bilatzen ditu bere biktima posibleen lehen arrastoak: emigranteak, feministak, kantari marikoiak, komunistak, nazionalistak, antzerkilari eta kantari ezkertiarrak...

Ez, ez dago bakarrik: putre-aldra bateko partaide da, eta, paper su-piztaileek esandakoari men eginez, bera eta bere ingurukoak ia batera hasten dira, bakoitza bere leihatilatik, baten baldarkeriari baldarkeria gordinagoa eransten, denek ere aukeratu berri duten enegarren biktimaren kirioak astintzea dutelarik estimulu eta plazer.

Joan zen hilaren erdialdera emakume bati tokatu zitzaion txanda, aktorea bera. Ixak eta lagun enparauek hiruzpalau datu kontrastatu gabeak lotu zituzten elkarrekin: izen-deitura euskaldunak, feminista, ETAko presoen aldeko manifestaziotan ibiltzen omen den antzezlaria...

Irakurleak honezkero pentsatu du loturaren bat egon behar lukeela mina egiteko prest dagoen halako pertsona baten jokabidearen eta kontzientziaren artean, eta badago egon: mendeku baten historia da berea, bere ehizak txalo patriotikoak ditu aterpe, nahiz ez daukan batere garbi zein duen mendekurako motiboa. Aski du ezagutu ere egiten ez duen etsaia mintzeko herra. Halaxe Itziar Ituño aktorearekin, joan den hilaren 13an ETAko presoen eskubideen aldeko manifestazioan parte hartu ostetik.

Erruz izan dugu pertsekuzio ankerraren berri. Egun gutxira, hitz doi duinekin erreakzionatu zuen Ituñok babestu zutenen esker onez: «Eskerrik asko zuen babesagatik, ez dot inoiz ahaztuko. Thanks for your support, I'll never forget it».

Isiltasunak urratzen. Zorigaitzez, ondo dakigu noiznahi eta nonahi egon direla eta daudela min egiteko prest dauden pertsonak. Baita gurean ere: salaketa anonimoak ez dira ezer originala atzo eta gaur, han eta hemen. Franco hil arte batetik, ETAk armak utzi baino lehenago bestetik, lasai bizi nahi zuenak isiltasuna zuen irtenbide, nahiz orduan eta gaur, beldurrak beldur, isiltasunak ez lukeen inoiz izan behar injustizien aterpe. Isiltasun guztiak —politikoak, justiziarenak, ekonomikoak, elizarenak...— urratzen saiatzea: konpromisoaren definizioetako bat izan liteke, ederra eta premiazkoa, askea izan nahi duen gizarte batean.

Hizkerak dena lortu omen dezake: sarraskitu eta eraiki, lokaztu eta argitu, etsaitu eta elkartu. Nork bere burua non kokatzen duen. Hizkeraren zein aldetan nahi duen egin mundualdia, borreroaren diskurtsoarekin edo biktimaren hitz-bihotz nahigabetuekin.

Konpromiso hitzak («elkarrekin hartutako erantzukizuna», etimologiaren arabera) aspalditik zuen bereganatua hainbat hitz abstrakturi eransten zaion eduki lausoa. Erabilera filosofiko-etikotik egoera egunerokora egin zuen arte txango. Iragan mende erdian, bi mundu-gerren eraginez, konpromiso hitzaren pisu teorikoa konpromiso politikoa erreibindikatzen hasi zen; ia aldi berean, frantsesezko engagement (lotura) hitz aspaldikoari kausa politiko-sozial batekiko loturaren adiera erantsi zitzaion. Existentzialismoak filosofiaren eragin praktikoa aldarrikatzen zuen, intelektualei zuzenduta bereziki, beren egiteko soziala ez zedin ikusmira soila izan, baizik kausa justuen eragile eta aldarri: intelektualak pentsalaria izan behar zuen noski, baina, aldi berean, ekintzaile. Baina konprometitu, norekin? Nireekin soilik? Konpromisoak ez du eskatzen desberdinak ulertzen saiatzea? Intelektual bat gizartearen parte da, ezin da ikusle soil izan. Kausa baten zerbitzuan egin behar luke lan, baina baleukake askatasunik kausaren aldeko desmasiak seinalatzeko orduan? Kritika onartzen ez duen kausa bat izan liteke ona? Latzak ziren iragan mendean gaion inguruko debateak.

Murgil eta busti. Konpromiso sozialak, politikoak, kulturalak indar berezia du gurean. Konprometitzen denarengatik busti egiten dela esaten dugu. «Busti gabe ez dago ezer lortzerik». «Hori ez da bustitzen, ezta...».

Adiera horrek gaztelaniazko mojarse edo frantsesezko mouiller ditu ispilu, konprometitzearen eta arriskatzearen adieran. Konpromisoaren busti metafora aspaldi egin genuen gure, presentzia handia hartu zuen frankismoaren azken urteetatik, eta, laster, euskararen eguneroko praktika arruntean konpromisoa hitz potolotzat hartzen baitzen, erabilera hurbilagoa ikusten zitzaion busti aditzari: euriak edo bainuak goitik behera bustitzen gaituzte, parte-hartze kultural eta sozial-politikoak ere goitik behera busti behar gintuzke. Eta, halatan, busti-ren adiera berriak konkrezioa, errealitatearekiko lotura, eguneroko bizitzaren dilemak adierazteko hurbiltasuna ematen zizkion ordu arte erabilitako konpromiso hitz serio bezain gastatuarekin alderatuta. Hori gertatu zen frantsesez, horixe gaztelaniaz, eta, mimetismoaz, hala gertatu zen euskaraz ere.

Ordutik, nahiko erabilera arrunt naturala izan du gure eguneroko jardunean, baina sorpresa handia hartu dut ez dudanean busti-ren adiera hori ikusi gure hiztegi nagusietan. Zorionez, Egungo euskararen hiztegia-k jasotzen ditu busti-ren adibide batzuk, konprometitu, engaiatu adieretan.

Baina konpromiso hitza baliatu edo busti erabili, zertara konprometitu, eta zertan busti? Non jarri aktibitate politikoaren muga etikoa? Indarkeria fisikoaren zein berbalaren minak ez dira bi min desberdin, ideologia baten zein bestearen nahierara, min bakarra baizik, atzera-bueltarik gabea.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.