Anjel Lertxundi.
HIRUKO (H)ITZA

Kartzela erraldoi bat ekaitz betean

2023ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Hilabete doi.

Hilabete doi eta ia ahaztu zaigu nola hasi zen Israel eta Palestinaren arteko gerraaspalditik beti berritua. Atzean gelditu dira Hamasen atentatua eta Netanyahuren erreakzioa, biak kriminalak zein baino zein. Errealitate beliko egunerokoak egunero gainezkatzen du bezperako mina. Akzioa, hondamena, manipulazio informatiboa; beste akzio bat, hondamena, manipulazioa berriro. Basakeriaren dinamika beti berak gure pertzepzioaren errutina areagotzen du. Informazio-jasa jasan ezina; telebistek-eta piztuta segitzen dute;azken bilaukeriez abisatzen digute mugikorrek. Saturazioak enpo eginda gauzka. Solidaritatearen arrasto bakarra, oraindik solidario sentitzen garela (gero eta lausoago), biktimekin. Lausotuko da hori ere, konpromisozkopegatina soil bihurtuta gure ahuleziaren memorian.

Hilabete doi eta ia ahaztu zaigu. Bainagerra ez zen urriko zazpian hasi Hamasen erasoarekin, orain 75 urte baizik, 1948an NBE erakundeak nazio estatusa eta Palestinako lurralde bat eman zizkionean Israeli. Juduen exodoak eta holokaustoak Mendebalean eragindako kontzientzia txarraren deskargua zen. Baina, ia aldi berean, Israeli emandako babesak eta Palestinari praktikan ukatutako legitimitateak beste buruhauste bati zabaldu zizkioten ateak: NBEk hartutako erabakia probokazio latza zen bertan bizi ziren palestinarrentzat: okupazio totalari ateak zabaltzea ekarzezakeen. Ekartzen segitzen du.

Ez dakigu zenbat iraungo duen tragediak, ezta nola bukatuko den ere. Israel nazio bihurtu eta hogei urtera 1967ko Sei Eguneko Gerra izan zen giltzarri. Militarrek, bertako politikarien eta NBEren bide diplomatikoa baztertu eta di-dau bateko eraso militar bati eragin zioten: Israelek sei egunetan menderatu zuen Egiptok gidatutako arabiarren erresistentzia labur bezain efikaza. Iritzi publikoa txundituta utzi zuen israeldarren eraso militarrak, eta horren efektu kolaterala izan zen ordutik militarrek kontrolatzen dituztela gobernua eta politika, demokrazia nahierara baliatuz eta saihestuz.

Urguilu kontu bat.

«Hemen, gure gurasoen herri gozoan, errealitate bihurtuko dira gure ametsak», dio joan zen mende erdianisraeldarrek errekuperatu zuten kanta tradizional batek.

Israeldarrak hebreera errekuperatzen ari ziren eskola-sistema diziplinatu batekin, kibutz izeneko landa-komunetan bereziki. Handik urte gutxira ikastolak orduantxe hasita zeuden beren bidea egiten; euskaltzale bat baino gehiago joan zen kibutzen batera hango esperientzia hemen nola aplikatuko; garaiko euskal aldizkariek ere orri dezente eskaini zizkioten Israeli, batez ere ikuspegi pedagogiko-linguistikotik. Ez dut gogoan palestinarrei buruz hitz egiten zenik. Israel idealizatzen genuen.

Baina Sei Eguneko Gerraren lehen inpresioan Israelen indarra nagusitu bazen ere, gerra meteorikoak eragindako triskantzen berri izaten hasi ginen. Albiste beliko bati beste albiste beliko bat, palestinarrenganako interesa hasi zen nagusitzen, intifaden garaian bereziki. Aldarria zen Israelen nazio izateko eskubideak ezin zuela inguruko herrien nazio izateko eskubidea zapaldu. «Errefuxiatu bihurtu gara, aberririk gabeak, duintasunik gabeak, etxerik gabeak», idatzi zuen Liana Badr idazle palestinarrak, Sei Eguneko Gerraren ondoren. Hogei urte zituen Badrek.

Gerra-kapitulu bat itxi (esateko modu bat da) eta gero, beste gerra-kapitulu bat berriro lehertzen denean, pentsatzen duzu nola ez duten oraindik auzia konpondu, zeren merezimenduz eta graziaz ematen zaion hainbesterainoko induljentzia Israeli. Netanyahuk aitortu berri du kontuak errendituko dituela Hamasen erasoa posible egin zuen kontrol-utzikeriarengatik, baina ez beste ezergatik. Ez du aitortu, ezta aitortuko ere, bere erantzuna kriminala dela, Gaza eta inguruak kartzela erraldoi bihurtu dituela gerra betean.

Urguilu kontu bat da: Netanyahuk burlatzat dauka Hamasek Israelen ustezko segurtasuna biluzik utzi izana bere eraso kriminalarekin. Gerraren hizkera darabilte biek: gorrotoak eragindako urguiluarena.

Palestinarren esperantza.

1948tik hona errealitateak oso gutxi izan du eta du kibutzetako ume-kantaren ametsetik. Gogorra behar du horrelako bizitzak: tragedia, normaltasun; bahituta fisikoki eta moralki;etsaia edo etsai ustea beti alboan; kartzela erraldoi batean, metraila usaineko aire ustez librean.

Hirurogei eta hamabost urteetan Israelek ez du ezagutu Netanyahu baino agintari totalitarioagorik, nahiz erruz izan duten agintari zokor-mazo egoskorrik. Hamas bezalako talde baten ekintza lazgarriak nola justifika dezake herri oso baten kontrako mendekua? Erantzun posible bat: azken bolada luzeko agintariek militarren ahotik hitz egiten dute eta, praktikan, militarren esku dago gobernantza. Eta militarrak beren lana betetzen ari dira diziplina guztiz: gerra egiten. Beren ofizioa da.

David Grossman idazle israeldarrak kezkaz dio, behin baino gehiagotan entzuten direla Israelen halako komentarioak: «Arabiarren kontrako gerrak gure arteko gerra zibiletik salbatzen gaitu». Mundu kulturala agintarien kontra dago, baina beren baitara bilduta fisikoki eta moralki, tranpa batean harrapatuta, besteek egiten dituzten eta gureek egiten dituzten triskantzen kausaz.

Urriaren zazpiko Hamasen atentatutik bi egunera, Grossman gogorarazi zidan Ami Ayalonen deklarazio batek. Israelgo Zerbitzu Sekretuko buru izana eta Netanyahuren arerio politikoa, Ayalonek esan zuen: «Segurtasuna izango dugu [israeldarrok] haiek [palestinarrek] esperantza izaten dutenean». Israeldarren segurtasuna iritsiko da palestinarren etorkizun duin baten eskutik, hala ulertu nuen nik. Hala ulertuko zuten israeldar askok ere, baina ez preseski Ayalon txalotzeko, bere deklarazioek oso kritika gogorrak izan baitzituen Israelen: traidoretzat jo zuten, gogotik erasotu eta mehatxatu zuten sareetan. Handik egun batzuetara Ami Ayalonek sooo! egin, eta astebete lehenagoko urrezko hitzak obramendu bihurtu zitzaizkion ahoan egin zuen oso bestelako deklarazio batekin: «Jende asko hilko da Gazan, soldadu israeldarrak eta palestinar asko, baina ez daukagu beste aukerarik».

Erabakia dute: ez diote zirrikitu txikiena ere utziko palestinarraren zulotik irteteko esperantzari. Ez, biktima izanak ez du inor borrero bihurtzetik libratzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.