Batuaren aurretik ere, batua.
Gortina astun batzuk erretiratu behar izan ditut euskara batuaren galerian sartzeko. Esana zidaten balio handiko koadroak ikusiko nituela bertan, baina oso ahul tristea baitzen bertako iluminazioa, aretoko arduradunarengana jo eta erregutu diot piztu ditzala argi guztiak.
Galeriako lehendabiziko koadroak, beste guztiek bezala, ez darama egilearen izenik. 1957ko data du, euskara batua abiarazi baino hamaika urte lehenagokoa. Koldo Mitxelena ageri da bertan, gauez eta mahai baten aurrean eserita, flexo baten argitan idazten. Leihoko gortina puntilladunen ertzek mugimendua iradokitzen dute, zirrikituren batetik haizea sartuko balitz bezala. Koadroaren datazioko garaia bezain zakarra behar du kanpoko giroak ere. «Koldo Mitxelena Txillardegiren Leturiaren egunkari ezkutua nobelako hitzaurrea idazten», dio koadroaren alboko txartelak. Gaugiro petralari kontra eginez, itxaropentsu ari da Mitxelena:
«Nik eztut Txillardegi bakarrik ikusten. Txillardegi eta Leturia'ren egunkari ezkutua gizaldi berri baten eta gizaldi orren obren aitzindari gisa agertzen zaizkit».
Mitxelenarentzat, Txillardegiren nobela aitzindari da literaturari dagokionez —kostunbrismoarekin eten eta existentzialismoaren bizi-penekin dator autore gaztea—; liburua aitzindari izateko bidean ikusten du Mitxelenak euskararen kontuetan ere, baina errenteriarraren belaunaldiko euskaltzale askok nekez onar dezakeen kantoi batetik:
«Baliteke [Txillardegiren] izkera oso garbia ez izatea. Bizia ta adierazkorra baldin bada, zertarako bear du garbia izan? [...]Zertarako nai eta bear dugu euskera? [...]Gure mundukoa ezten oroigarri xaar kuttun bat iduki genezakeen moduan idukitzeko?». Eta segidan, haizearen jardun zakarrak barruko giroari solemnitatea ematen dion aitorpen bat: «Askotan egiten dut nerekiko ez ote gauden [...] udaberri aurrean».
Behin kalean, Txillardegiren liburuak askotariko zirrara eragingo du garai ilun haietan: kostunbrismoarekin hausten du, garaiko hauts arian geldiak harrotu ditu, Mitxelenak nobela bedeinkatu du. Badago, ordea, gehiago ere: euskara batua abiarazi baino hamaika urte lehenago, batuaren testu avant la lettre bi daude liburutxo bakarrean: Mitxelenaren hitzaurre luzea eta Txillardegiren nobela. Batuaren aurretik ere, batua. Ortografia-kontutxo batzuk begiratu —tartean ditxosozko hatxea txertatuz—, aukera lexiko batzuk argitu, hainbat adizkera moldatu, eta euskara batuaren aurrean gaude. Batua baino lehenago, batua. Avant la lettre.
Arantzazuko bilkura baino lehenago, Mitxelenak eta Txillardegik egina dute, jakitez eta senez, bidearen parte handia. Belaunaldi haren ondokoak ere hasiak ginen bide hartan aurrera, zehazki nora eramango gintuen aurreikusi ezinik, baina, aldi berean, susmatzen genuen ezin genuela tren hura galdu. Azkena zen eta azken geltokian geunden.
Azken trenaren izua.
Arestiren koadroa, espainolista estigma hori-gorrixkarekin... Lafitte erdi itsuarena, eskuz idatzi duena lupa batez irakurtzen... Bada galerian Haritschelharren koadro bat ere, bere deituraren hiru hatxeekin jolasean, batuaren jaiotza traumatikoari umore-puntua ematen...
Tartean, horra Jon Etxaideren erretratua ere. Hendaiarantz doa Topo deituriko trenaren bagoi batean. Koadroaren data, 1983. Maule du helmuga, Bertan ostatu hartzeko asmoa du gaztetan egiten zuen legez. Gizon estua da, estu hartzen du bizitza, erlijioaren zamak estutzen du. Transzendentziaren goseak darama Maulera: Arantzazuko bilkura eta gero, ikusirik bere obra ez dagoela euskara batuan, aurreikusirik batuan ez dagoena hautsek hartuko dutela belaunaldi berrien ganbaran, bere obra osoa nahi du batura ekarri. Etxaidek garbi dauka: euskara batuaren apustuak porrot egiten badu, euskara bera ere galduko da eta, hartan, galduko da noski bere obra ere. Aldiz, euskara batua garaile izanda eta bere obra ez baldin badago hizkera adostuan, bizi osoan perfekzionismo gose ia gaixo batez egindako lana izango da galtzaile.
Artista batentzat latza behar du zaharkinen museoan gelditzeko kezkak...
Etxaidek eraiki duen munduak —haren istorioek, pertsonaiek, tramek...— ez dute atzera bueltarik. Hizkerak, ordea, bai. Etxaidek berebiziko garrantzia eman dio beti tresnari (hitz, esaldi, irudi bakoitzaren munduari), ez du etorkizunaren trena galdu nahi, bere obra guztia egokitzen emango du azken mundualdia, egiten dituen aldaketen zergati historiko-linguistikoak argituz oin-oharretan, batuari bere ekarria egin nahian... baina galdetzera ausartu gabe ez ote den beranduegi.
Narrazio obsesibo baterako ematen du.
Itzulera-oste, ezuste.
Amerikan urteak daramatzan euskal artzain askoren euskara airean geldia izan ohi da sarri: emigratu zuen garaiko moduan segitzen du halakoaren jardunak. Bitartean, ordea, euskarak bere bidea egin du, hain bide luzea ere oso urte gutxian.
Galeriako koadroetako batean (1969a du data), Martin Ugalde hegazkinetik jaisten Venezuelatik bueltan. Ongietorrira joandako senide eta lagunekin egin duen euskara ez da arian geldia, bizia baizik, Caracasen egindako urteetan ez baitu kontakturik galdu euskararekin: gaztelaniaz irabazi ditu sosak; euskaraz eutsi dio, letrez zein ahoz, itzultzeko amorruari. Ilusioz dator, eta, euskara baitu amets, bere ahalegintxoa eskaini nahi dio Mitxelenak iragarritako udaberriari. Telemakok Itakara itzuli zenean esandakoa du gogoan:«Zain neuzkanengana nator, ez nadin ni galdu». Baina itzulera guztietako probarik krudelena, itzuli denak zer topatzen duen irrikatzen zuen hartatik. Eta Ugalderen tragedia da eskaini dizkioten bi lanbideetan, bai kazetaritzan bai Jaurlaritzan, topatu duen euskarari buruzko hitz potoloen eta errealitate meharraren arteko tartea: arantza zorrotz mingarriak ikusten ditu nagusi euskarari eskaintzen zaizkion lore-sortetan.
Ezaguna da hortik aurrerakoa: frustrazioaren arantza zorrotz mingarriari nola egin zion aurre kontatzen du, besteak beste eskuetan duzun berri-paperaren aldeko apustu eginez.
HIRUKO (H)ITZA
Hainbat erretratu batuaren galerian barrena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu