Anjel Lertxundi.

Gezur-aro

2024ko apirilaren 7a
05:00
Entzun
EIDER EIBAR
EIDER EIBAR

 

Interes-zona. Mundua mundu denetik ez da izan gezurrik gabeko aro historikorik, ahoz lehendabizi, laster baita idatziz ere. Dokumentuak jaio zirenetik hasi ziren agertzen faltsifikazioak, gezurrak laster eta maltzur egin zuen bertan goxo idatzian ere kulturaren alor guztietan: faltsifikazio arkeologikoetan, pinturan, testu historikoetan, tradizioari egindako traizioetan, dokumentu erlijiosoetan... Historiaren orrietan gezur asko deskubritu da; deskubritu gabe daudenak. Hala ere, oker jarduteko beldur handirik gabe esan liteke: historia osoan ez da arorik izan gezurra baliatu duenik gure garaiak bezala. Oraintsu arte beti erabili da gezurra, baina ahalik ezkutuen, gezurra mozorrotuz. Engainua ohorearen galgarria zen, gerlari tranposoek ez zuten txalorik eta erramu-koroarik jasotzen.

Ez hain aspaldi, gezur larri baten deskubrimenduak errege faltsu zein agintari gezurti baten ibilbidea hondora zezakeen. Gezurrak existitu, noski existitzen zirela gerrak egiteko orduan, baina ez ziren esplizitatzen, egiaren eta gezurraren artean interes-zona bat zegoen, zeinean bizitza arrunta egin zenezakeen gezurraren eta egiaren arteko zelaian, munduaren eta infernuaren arteko zona interesatuan. Eta muturreko egoerarik gaiztoenean ere gortina fin bezain zerratu batek zintzo bereizten zuen gizarte itxuraz sozializatu bat ezkutuan piztu, suspertu eta iraunarazitako infernutik. Jonathan Glazer zinegilearen The Zone of Interest (interes-zona) filmeko protagonista, Rudolf Höss komandante borreroa, kontzentrazio-eremu ondoko txalet ederrean bizi da bere familiarekin. Emaztea txaleteko loreak zaintzen ari den bitartean, borreroa kontzentrazio-eremuko juduak garbitzen ari da hitzaren zentzurik kriminalenean. Txaleta holokaustoaren ondoan egon arren, borreroak ez dauka zertan ezer kontatu emazteari, emazteak ez dauka zertan ezer galdetu kontzentrazio eremuaz senarrari. Ezikusia eta ezinikusia eskutik: senar-emazteak odol izoztuko munstroak dira pertsona normalen jantzian.

Gezurra armarik mortalena. Ez da hogei urte Jose Saramagok «gezur-aroa» deitu ziola bizitzen ari garen garaiari. 2010ean hil zen idazlea. Bi urte lehenago, Lisboako Tabu aldizkarian idatzi zuen: «Bukatu da egia pluralen aroa. Orain gezur unibertsalaren aroan bizi gara. Ez da sekula hainbeste gezur esan. Gezurrean bizi gara. Egunero». Saramagoren esanetan, egia pluralen aroa bukatu da; elkarrizketen, eztabaiden, adostasunen bilaketen bidez aurrera egiten zen garaia...

Idazle portugaldarrak hogei urte inguru zituen holokausto garaian. Aznarrek-eta Irakeko gerra bultzatu zutenean, 2003an, laurogei. Bush, Aznar eta Blair presidenteen gezurrak eman zion su Irakeko gerrari. Oso kontzientea zen hiru presidenteen jokabidea, bilatua, desiratua, esanez eta esanez Irakek hondamen masiboetarako armak zituela, nahiz ez izan ezeren frogarik. Hiru agintariek galdua zuten lotsa, eta, batez ere, ez zuten zigortuak izateko beldurrik. Seguru Saramagok gogoan izango zuela egoskorkeria hura ere gure garaiari «gezur-aroa» deitu zionean.

Handik urte batzuetara, Bushek eta Blairrek gezurra aitortu zuten. Aznar harro-ustel gaiztoegia da horretarako ere, eta gezurraren taktika bera baliatu zuen etekina ateratzeko Atotxa tren-geltokiko atentatuari. Hauteskundeak galdu izana da «gezur-aroko» prototipo trufa-bufoak irentsi behar izan zuen zigor bakarra.

Holokaustoaren ezagutzak munduan eragin zuen krisiaren ostean, aldaketa isila bezain sekulakoa gertatu da, kontsumismoaren jarrera akritikoari esker neurri handi batean: liberalismoak gero eta terreno zabal lasaiagoa irabazi du diruaren gurtzan eta libreago sentitu da diskurtso egoistan, jabegoaren bultzadan, fede materialistan, gezurraren erabileran. Kontsiderazio moralek ez dute tokirik ekonomiaren saloietan, diruak libre behar du izan progresuak aurrera egingo badu: kontsumoak hizkera eta pentsamendua aldatu dizkigu.

Bukatu da gezurrak lotsatu egiten zuen mundu hura, gaur tokitan gaude gezurren lokatzek lotsatzetik. Beste edozein arma bezain inportantea edo inportanteagoa bihurtu da gezurra, bonbek ez bezalako lorpenak ekar ditzake. Armak, sua eta biolentzia zilegi baldin badira gerrarako, zergatik ez gezurra?

Ez, gezurrak ez du jada eskandalurik sortzen, eta lotsa desagertu baita, ezagutzen ez genion dimentsio bat hartu du gezurrak: egiak balioa galdu du, edo zehatzago esateko, biluzik geratu da bere balio nagusia: egiak, kapitalismoaren etsairik handienak, indarra galdu du.

Isiltasuna informazio. Bere lana seriotzat daukan prentsak ondo daki zein zaila den egia eskaintzea irakurleari: ahal eta leher guztiak egin arren, lanak. Prentsa-jabeek bezala kazetariek ere munduari buruzko beren ikusmoldea dute: prentsa-jabeak daude, ofiziokoak daude, baina ez dago egiaren jaberik. Muga hori hor dagoela jakin arren, profesionalak bere informazioen egia —sinesgarritasuna— bilatzen du, berdin dio gerra baten erdian izan zein udaletxe bateko bileraren berri emateko garaian.

Hainbat kazetariri asko gustatzen zaio deontologiaz hitz egitea, baina gutxitan hitz egiten da isiltasunak informazioan daukan garrantziaz. Informazioan esaten dena bezain inportantea izan liteke isiltzen dena, esaten ez dena. Prentsa benetan serioak ere isiltasuna eskaintzen du politikoki komeni ez zaizkion alorretan, batean doi-doia kontatuz, hurrengoan iskin eginez bere helburuekin bat ez datozen informazioei. Isiltasuna ere informazioa da, eta ezagunak zaizkio manipulazioa eta ezkutaketa. Isiltasuna ez da ezereza, isiltasuna elementu bizia da, eraginkorra, askotan hitzak baino indar handiagoa du. Isiltasunak esanahia du, informatu egiten du, zokoratu, ukatu, gaitzetsi. Isiltasunak ahula ahulago bihurtzen du eta indartsuaren boterea ezkutatzen. Gezurra etor liteke eta etortzen da isiltasunetik ere, kontatzen dudana izan dadila egia, baina ez dut dena kontatu beharrik, interesatzen ez zaizkidanak ezkutatzen ditut, ez dut nire buruaren kontra egingo. Isiltasuna izan liteke beraz deontologia —diskrezioa, errespetua—, baina gehiagotan da ahularen ahotsaren bazterketa.

«Liberté, egalité eta fraternité, ai!, hiru gezur horiek egiak balire», zioen Gratien Adema Zaldubi-k orain mende eta erdi. Idatzi zuenak ez du aktualitaterik galdu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.