Anjel Lertxundi.
HIRUKO (H)ITZA

Ez ote garen gu mundua galduko dugunak

2019ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Online, laino on

Etxeko inprimatzailea tonerrik gabe gelditzen ari da, guardasola galdu zuen asteburuan, alabari liburu bat agindu diote institutuan, gaileta integralak bukatu dira etxean, alkandora bat eta audifonoaren pilak ere erantsi ditu erosi beharrekoen zerrendan. Di-da, eta horien guztien eskaria egin du (demagun) Amazon-en. Ondo ezagutzen ditu multinazionalagatik esaten direnak. Badu bertan enplegatzen diren langileen eta etxez etxe dabiltzan pakete-banatzaileen baldintza miserableen berri, badaki zein egoera esklabistetan fabrikatuta dagoen bertan saltzen den produktu asko, ez dauka inork esan beharrik gero eta kapitalismo bortitz gupidagabe baten aurrean (atzaparretan) dagoela... Baina egundoko pagotxa da, aizue, nork esaten dio ezetz pagotxa bati? Herriko dendetan baino merkeago erosten da bertan; gauean eskatu eta biharamun eguerdian etxean duzu eskatutakoa; zerbait itzultzen baduzu ez dizute esplikaziorik ere eskatzen...

«Ez naiz tontoa!» pentsatu du erosleak kanpaina ezagunaren hitzak bere eginez. Ez, eroslea ez da tontoa. Ezta bihozgabea ere: ezagutzen du lurralde urrutiko ume eta emakumeen esklabotza, eta gogotik arbuiatzen du haien egoera. Konplituki sentitzen du herriko denda txikien egoera ere, benetan kupitzen da beren negozio txikien ateak itxi behar izan dituzten herritarrekin, badaki beste batzuk laster egongo direla derrigortuak erabaki bera hartzera. Baina zer egingo zaio, ezin zaio langarik jarri haizeari.

Bezeria bezatua.

Erosleak haizeari dioen lekuan, entzun bedi kapitalismoari. Ez aspaldi, langarik jarri ezin zaion kapitalismo horrexek hirietako erdiguneak inbaditu zituen marka multinazionalekin eta inguruko dendak ateak ixten hasi ziren. Ordutik, hiriaren bihotz izoztuak kontsumo inkontrolatu batenak ditu taupadak. Emana dago abisua, laster inguruko, auzoetako, aldirietako dendek ere ateak itxi beharko dituzte, Baina hain da erosoa erosketak online egitea! Halako batean, ordea, bezeria ondo bezatua daukatela ikusitakoan, Amazon eta antzekoen zerbitzua ez da batere adeitsua izango, ez ditu itzulerak onartuko, prezioak garestituko ditu, bidalketengatik kobratuko du, bere benetako bihotz miserikordiarik gabea erakutsiko du, pagotxak pagotxa izateari utziko dio, eta bertako bezero fidela auzoan zeukan toner-saltzailearekin gogoratuko da, herriko tomateak saltzen zituen dendariarekin, liburu-dendan antolatzen ziren ekitaldi interesgarriekin. Herriko kaleetan apenas egongo den giza erlategi egunerokoaren aztarrenik, denok ariko baikara gure etxeetako isolamendutik online konektatuta, baina ez eskariak egiten, protestatu nahi eta ezinean baizik gure erosketa iritsi ez delako, produktu gehienak ikaragarri garestitu dituztelako, ahots metaliko batek ere atenditzen ez dituelako gure protestak, eta, ororen gainetik, salatzen baditugu mehatxu egingo digutelako, ordurako den-dena jakingo baitute gutaz...

Auzoak euri azidoa sentituko du kristaletan, eta etxean aterkirik ez eskura. Guardasol sendo askoak nahiko modu onean saltzen zituen solas atsegineko dendari gailegoak esaten zuena etorriko zaio gogora: tonto jaio eta tontoagoak izaten saiatzen gara, compañeiro!

Ez lekuak eta leku ohiak.

Auzoa etxetik garajera jaitsi da zuzenean, autoa hartu du. Ateri da jada, baina bere kalean ez dabil inor; etxe ingurukoetan ere, apenas. Hainbat lokal txiki, pertsiana metalikoak jaitsita. Zabalik dauden dendetan ez da mugimendu handirik. Nonbaiten irakurria du soziologoek-eta ez lekuak deitzen dietela jendearen joan-etorriko lekuei, sustrairik ez dutenei. Jendeak ez du sustrairik egiten aireportu, zentro komertzial, nortasunik gabeko hotel erraldoi, autopista eta horrelakoetan. Hortik izena: ez lekuak dira.

Auzoak pentsatu du ez leku bateko jendearen joan-etorri estresagarria baino are okerragoa dela bere kaleko jende falta. Eta baita tristeagoa ere. Lehen bizitza handiko kalea zen, arnasa zuen, saltsa, bertan egiten zituzten ia erosketa guztiak, ezagunekin gelditzen ziren berriketan, kaleko festa ere ospatzen zuten urtean behin. Bukatu da hori guztia. Ez da jada kale. Sustraiekin batera, iragana galdu zuen, ez du ez presenterik ez etorkizunik. Ez da sentitzen fruta-zaleak bistara jartzen zituen fruituen usainik. Leku ohia da.

François Villonek galdetzen du 1463 urte inguruan: mais où sont les neiges d'antan? Non dira antzinako kaleak?, galdetuko dugu guk laster. Ez da nostalgia izango, zeren galderaren atzean beste galdera batzuk, askoz ere lazgarriagoak, egongo baitira: non da betiko gure mundua, zer egiten ari gara berarekin? Eta gure erantzuna, beste galdera batez formulatua, ezin zinikoagoa da: nola esango diot ezetz pagotxa bati, nola kontsumoari, nola kontaminazioari, nola (ustezko) aurrerapenari? Ezin zinikoagoa, bai: jakin badakigu uzten ari garen oinordetza kriminala dela guztiz.

Oraintsu arte uste genuen naturaren indar telurikoak lehertuko zuela planeta. Edo beldur genien unibertsoko auskalo zein bazterretatik etor zitezkeen inbaditzaileei. Oraintsu arte ez zitzaigun burutik pasatzen mundutarrok izango garela mundua hondatuko dugunak. Oso sentimendu berria da. Gu, gure etxearen, gure kaleen, gure planetaren suntsitzaile. Eta hartan segitzen dugu. Egoskor. Atsedenik gabe. Nork kontatuko du hondamendia, mundua suntsitu genuenekoa? Guk, noski, ez, baina guk utziko ditugun hobi nuklearrek, bai. Eta zabor oihanek, itsas ustelduek, sufre usaineko zeruak eta gure lehergailuek utzitako infernurainoko kraterrek. Entzulerik gabeko kontakizun begi-bistakoa izango da, inoiz inor inondik baletor...

Akzio ttiki ustez garrantzi gabeak egon ohi dira tragedia askoren oinarrian. Nola esan ezetz pagotxa bati, nola utzi kontsumitzeari, nola uko egin autoari, nola aurre egin erremediorik ez omen duenari? Ez da txarra Wislawa Szymborskaren poema labur bateko abisua: «Atzo gaizki portatu nintzen kosmosarekin./Egun osoa pasatu nuen ezertaz galdetu gabe,/ ezertaz harritu gabe».

Zenbat egun ezertaz ohartu gabe, zenbat jende ezertaz harritu gabe, zenbat oker ttiki (ustez) garrantzi gabeak amildegira bidean...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.