Baltserako sasoi.
«Laster kukua ere entzungo dugu... Aurten, egia esan, bost axola poltsikoan dirurik gabe harrapatzen bagaitu; badugu aurreragoko kezkarik». Aurreragoko kezken kezkari bueltaka utzi ninduen Elixabete Garmendiak iragan martxoan berripaper honetan argitaratutako In tempo de Valse artikuluarekin.
Badugu aurreragoko kezkarik, esaten dugu. Badugu aurreragoko lanik, buruhausterik, zereginik. Pandemiarekin, areago. Urgentzia da nagusi, pandemiaren agendan ez da kabitzen bera baino. Bera da. Berak gauzka. Bere lapitz gorriak markatzen digu egutegia, azkeneko hilabeteak bezala maneiatuko dizkigu datozen hilabeteetako agendak, aurrekontuak, plangintzak, boterearen korridoreetako triskak eta bulliziak, gorrotoak.
Osasuna eta ekonomia, osasuna versus ekonomia, ekonomia ala hil: enegarren aldiz ikusiko dugu dirua garaile aurreragoko lanen lehian, baina nonahi dira seinaleak esaten dutenak inoiz ez bezala ikusiko ditugula ahulenez gainezka aurreragoko lanek gero eta atzerago utziko dituen zangak.
Oker (ustez) txiki (ustez) garrantzi gabeen hondakin eta abarreriarekin gainezkatuko zaizkigu bide-bazterretako zanga eta estoldak.
Aitzakia perfektua.
Nire laguna pipertuta dabil berrogeialdia leundu dutenetik, supermerkatuetan-eta ez dute berak nahi lukeen bezala atenditzen, bertakoak aspaldi handian ez bezala pasatzen zaizkio gaztelaniara; epaitegian isun batengatik protestatu nahi zuen, baina lanaz lepo omen dabiltza dena atzeratu omen zaielako pandemiaren etenagatik, ba omen dute euskaraz atenditzea baino aurreragoko lanik; antzeko zerbait gertatu omen zaio anbulatorioan ere analisiak egitera joan denean; etxera iritsitakoan ETB1 piztu du ea sosegatzen zen, eta inoiz baino gaztelania gehiago entzun omen du bertan. Laguna nahiko tolerantea da euskararen kudeaketa sozialean (toleranteegia bere inguruko askoren irudiko), eta, horregatik, egunotan euskararekin daukan setak esan nahi du benetan dagoela kezkatuta: usaintzen hasita omen dago—eta maskara behetu du pixka bat sudurretik— euskararen erabilera ez ote den erlaxatzen ari funtzionarioen jardunean, lanaren munduan, zerbitzu publikoetan, beti omen daude lanpetuta eta pilatutako lanari abasto eman ezinik, euskaraz ez dakien erizaina edo postaria edo ertzaina beti ari da bajan dagoen norbait ordezkatzen —kasualitatea da!—, sistema gaztelaniara lerratzen ari omen da aspaldi ez bezala, inertzia erlaxatu batez, utzikerian goxo eginez, aurreragoko lanak beti dira gezur ofizialduak hutsegiteak, defizitak eta zabarkeriak zuritzeko.
Nire laguna enpo dago eta jakin nahi luke zein fasetan dagoen euskara leihatiletan, dendetan, epaitegian, anbulatorioan, telebistan, jakin nahi luke konfinamendu betean dagoen ala bi-sei-hogei metroko distantzia gorde beharreko fasean, ez daki sistemak aurreragoko lanak bukatu arte egon beharko ote duen zain euskaraz atenditua izateko eskubidea errespetatzen zaion arte, tregua-tranpa batean ikusten du bere burua, kontu deserosoak saihesteko aitzakia sistemiko baten aurrean. Lagunak jaio zenetik entzun ditu sistemaren lantuak esanez asko eta larriak dituela euskara baino aurreragoko lanak, baina lagunak, optimismoaren olatu gainera igorik, aspalditxotik zuen itxaropena iritsiko dela egun eder bat zeinean euskara ikusiko dugun aurreragoko lanen zerrendan, baina olatu gainetik erori dela ematen du, hasita baitago susmatzen datozen hilabeteetan koronabirusa izango dela aitzakia perfektua sistemari deserosoak edo astunak edo erretxinen lantuak zaizkion kontu lakatzak baztertzeko, lagunak dio gorreria selektiboa duen batek beti bilatzen dituela aitzakiak gustatzen ez zaiona paretik kentzeko, gutxiengoak gehiengoari zor omen dion begirunea jainkotzeko, lehentasunetan ekonomia eta efikazia markatzeko, bideratu beharreko fundamentuzko iniziatibetatik kulturaren usaina darion ia oro apartatzeko, sistemak ez omen dauka-eta erreibindikapen guztiak atenditzeko adina ez hauspo, ez denbora, ez gogo, esaten dute zulotik irteten hasitakoan izango dutela dirurik, egokierarik, astirik orain atenditu ezin dituzten auziez arduratzeko, baina lagunak duda egiten du dirurik, egokierarik, denborarik dagonenean ere egongo ote den sentiberatasunik, borondaterik, energiarik «txikiak handia bentzi leidin asmoz eta jakitez», laguna beldur da euskara eta liburuak eta antzerkiak eta kontzertuak, eta itzulpen zein bikoizketak, eta etorkinen integrazio-saioak, eta kultura eta kulturan kabitzen den oro ez ote diren gurdi deseroso bat aurreragoko lanen aurrean, zeren aurreragoko lanek sekula ez baitute astirik izaten irakurtzeko, musika entzuteko, formatzeko, kontenplaziorako, gure baitako baratzea ongarritzeko, mundualdia modu emankorrean aberasteko.
Agian zentzuzkoa izango da —pentsatzen du lagunak— diruaren, produkzioaren, etekin ekonomikoen begiekin so egitea datozen une larriei, baina lagunak pentsatzen du halaber ez duela bizi nahi bihotzean euro baten tatuajea beste deusik ez daraman sistema batean, eta etsipenak begirada lausotu dio, konfinamenduan bezain bakarrik sentitu da, azken mohikanoaren pare.
Lagunak begiak itxi ditu, lo-kuluxkarako giro da. Isiltasun hotz bat. Argi zuri-zuria sabaietatik. Basque Technology Park-en batean ote dagoen begitandu zaio, edo Eusko-dreamers Factory-ren batean. Norbait hurbildu zaio bata zuri batez jantzita, eta maskara bat jarri dio lagunari ahoan, zeinak beste hizkuntzetara itzultzen omen du berak euskaraz esandakoa; bata zuridunak aurikular batzuk ere jarri dizkio belarrietan, zeinetatik euskaraz jasoko omen du beste hizkuntzetan erantzuten diotena...
Euskara, aizkora.
«Euskarak berak ez badio hiztunari hobeto bizitzeko balio, eta kontuan hartuta gaur egun ez dagoela euskarazko elebakardunik, hiztunak zerbitzu hori egiten dion beste hizkuntzara joko du egoerak hala eskatzen dion aldiro. Ez dut nik ukatuko hori baino aurreragoko lanik ez dagoenik (hiztun eta alor kopuru gutxieneko bat, legearen eta gizartearen babesa...). Diodana da gainerako guztiak alde edukita ere ez garela oso urrutira iritsiko euskara aizkora bihurtzen ez dugun bitartean.» Joserra Garziak Lekeition esandakoa, Euskaraz, bestela ez gara jardunaldietan.
Kafkak liburuengatik esaten zuen aizkora behar dutela izan gure baitako izotza puskatzeko. Areago hizkuntza batek.
HIRUKO (H)ITZA
Aurreragoko lanen aitzakia perfektua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu