Anjel Lertxundi.
HIRUKO (H)ITZA

Arruntak, anonimoak, antiheroiak

2023ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Arrunt hitzaren koplak. Euskaldun arrunta esan ohi dugu barra-barra. Euskal hiztunez ari gara? Euskal hiztunen euskaraz? Euskal nortasunaz? Pertsona arrunta, kontu arrunta, portaera arrunta, bakailao arrunta… Arrunt adjektiboak arruntetan uzten gaitu zalantzan. Inorengatik esaten dugunean edo halakorengatik entzuten dugunean «arrunta da» zer adierazi nahi da zehazki? Pertsona arrunt bat korrientea, normala, komuna, ohikoa, diskretua izan liteke; baina baita nortasun gutxikoa ere, trauskila, baldarra, utzia, narrasa, zabarra, oiesa, gustu txarrekoa. Adjektibo neutro bat izatetik (arrunt: komun), peioratiboa izatera pasa liteke, adieren esanahiari décalage handia eraginez. Adjektibo asko bezala, muga irristakorretan bizi den hitza da arrunta ere, baina, seguru asko, erabilienetako bat dugu izenlagun labaingarrienen artean.

Beste modu batera esanda: arrunt adjektiboa ordinarioa da, ordinario hitzaren bi adiera nagusietan: ohikoa adierazi lezake, narrasa esan dezake. Barreiatzen duen zalantzak arriskutsu bihurtzen du: zerbaiten edo norbaiten nortasun apal komun bat seinalatu nahi eta irakurleak justu kontrakoa uler dezake. Tiramena du hitzak, baina irristakorra da, lausoa, ekibokoa. Esan nahi denaren guztiz kontrako efektua eragin lezake eta gure asmoa zapuztu. Arrunt hitza komun, xume,ohiko adieretan da erabiliena, baina zehaztasun faltak arretaz jokatzera behartzen nau, zeren nola jakin babarrun arrunt batzuk onak diren edo gogorrak dauden harri koskorren pare? Erantzuna: testuinguruaren arabera. Baina spot batek «Hau mundu arrunta!» badio? Nola irakurri (eta itzuli!) iragarkiko arrunt testuingururik gabe?

Gure inguruan pertsona arrunt dezente ezagutzen dugu ia ikusezina balitz bezala bizi duena bere mundualdia; ezagutzen dugu, halaber, goi mailako arrunt pertsona arrunt batere duintasun gabea. Aukeran nahiago noski ia ikusezinaren arruntasun isil eta noblea, eta ez noski berorika baleki bere buruarekin berorika mintzatuko litzatekeen ego arrunt-putza.

Gizon arruntaren koplak. Zentzurik nobleeneko pertsona arruntak dira Hamsunen Gose nobelako gosetu izenik gabea, Melvilleren Bartleby narrazioko izkribatzailea, Joseph Rothen Edale santuaren kondaira-ko Andreas alkoholikoa, idazlearen alter egoa. Euskarara ekarriak daude hiru obrak. Baina hiru pertsonaien arruntasuna xehatu eta deskribatuko bagenu, zehazten hasi beharko genuke zerk egiten duen arrunt haien nortasuna. Ez litzateke ariketa txarra. Jardun literarioa litzateke, bai, baina literatura egiteko hain beharrezkoa den begirada sozialarekin. Eta, bide batez, gure begiradaren nolakoa ere jarriko genuke ispiluan.

Xabier Leteren Gizon arruntaren koplak kanta ezagunak protagonistaren izaera arrunta deskribatzen du. Gizon arruntaren hainbat ezaugarriren artean —periodikoa letuz ilustratzen da, neurria hartzen dio lanari, familia du, futbola eta musa gustatzen zaizkio…— pare bat aitorpen ideologiko egiten ditu koplako protagonistak. Batetik «ez zaizkit gustatzen buila eta zarata, ordenaren barruan hobeago baita», eta bestetik «ez naiz ni gizon txarra baina zer arraio, Fidel Castro izateko ez bainintzen jaio». Koplako pertsonaia ez da gizon txarra, baina ez dakigu —koplako gizon arruntak ere ez— arrisku handiko dilema moral baten aurrean kobarde huts jokatuko lukeen edo gauza izango litzatekeen pauso bat aurrera emateko ondorio guztiekin.

«Heroiak ez dira existitzen. Tira, zer dakit nik, agian bai. Nolanahi ere, nik ez daukat heroia izateko gaitasunik» dio Kornel Filipowiczen Antiheroi baten memoriak nobelako protagonistak. Eta nobelaren beste pasarte batean protagonistak dio: «Inork ez dauka niri portaera heroikoa exijitzeko eskubiderik; inork ezin dit eskatu hil arte izatea ikuskatzaile, kontserje edo garraio-enpresa bateko zaintzaile: hori ni anulatzea da». Heroiak existitzen ez badira, antiheroiak ere ez, baina Filipowicsen nobela labur aparteko pertsonaia anonimoa, izenburutik hasita, antiheroia da gerraren erdian. Ez dago euskaraz. Balego, gure mesedetan.

Jende komunaren, jende arruntaren ezaugarriak ditu antiheroi batek: ez da perfektua, jende normalaren akatsak ditu, botere- edo diru-amets apartekorik gabeko egunerokotasuna bizi du, kontraesanak ditu. Baina berak ez badaki ere, gai da zirkunstantzia jakinen batean aurre egiteko sistemari, duin jokatzeko egoera korapilatsuenetan, intsumisoa izateko eguneroko bizitzak ekarri ohi dituen bidesarien aurrean. Halako batek justiziaren zentzu propioa du, autonomoa, modu naturalean dago umilenen edo ezinduenen alde: sena du humanismorako, humanismoa zer den jakin gabe.

Dilema moralak. Literaturaren historiako lehen antiheroia —eta gorena— Antigona. Emakumea da, gaztea da, eta momentu tragiko batean dilema moral bati egin beharko dio aurre: bi neba, Eteokles eta Polinize, hil zaizkio gerran. Kreonte erregeak erabakitzen du Eteokles lurperatzea ondra-aitorpen guztiekin, erregeren alde egin baitu gerra; aldi berean, erregek agintzen du Polinize ez dezatela lurperatu, utz dezatela saien bazka erregeren kontra jarduteagatik. Justiziaren senak Antigonari esaten dio kontra egin behar diola gizonezko zaharren eredura finkatutako status-ari.

Antigonaren baitako debatea ez da politikoa, etikoa baizik, eta Polinize lurperatzea erabakitzen du, bere baitakoak hala agindu dio, nahiz badakien heriotza izango duela zigorra.

Horra Antigona literaturaren historian aitzindari. Horra Antigona emakume, pertsona arrunt eta, gizonezkoen ereduaren arabera, heroi. Baina zehatzagoa da —zuzenena— antiheroia dela esatea: gizonezkoen, heroi beliko betikoen gerra guztien eredu patriarkala apurtu du bere baitako lege arrunt bezain finkoetatik. Zeren antiheroiak bere kode propioa du, partikularra, askotan gizartearen kodeekin batere bat ez datorrena.

Horrelakoxeak dira, bakoitza bere historia antiheroiko propioarekin, Ana Karenina, Madame Bovary, Jane Eyre… Edo, agian, zuzenagoa da heroiak direla esatea, baina ez eredu patriarkalaren araberakoak? Apenas ezagutzen duten pozik, pentsamendu berritzailea dute, independentzia lortzeko grinak bizi ditu, harremanen eta munduaren ikuskera ezohikoa dute… Apurtzaileak dira. Heroiaren irudi betikoa suntsitzea helburu duten antiheroiak. Arruntak, izenlagunaren zentzurik nobleenean.

«Uste baino arruntagoak gara denok ere», Bernardo Atxaga, Soinujolearen semea.>>
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.