Anjel Lertxundi.
HIRUKO (H)ITZA

Ahots sendo bat gaixoaren logelan

2022ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Topikoen babesean.

Planta oneko gizona, bi metro ez zituen urruti. Beltzez jantzita beti, kapelu beltzarekin, zapatak ere beltzak eta ondo lustratuta, bastoi bat esku batean eta mediku-trepeten maletatxo beltz bat bestean. Gorputza zut eta burua tente ikusiko zenuen herriko kale nagusian barrena gaixoren baten etxerantz. Sarri etortzen zen gurera ama bisitatzera. Atea zabaldu zionari kapelua eta bastoia eman, eta inork bidea erakutsi beharrik gabe joaten zen amaren gelara. Kortesiazko hitzak, euskaraz. Gero, gaztelaniaz hasten zen amarekin medikuen ohiko galga jasoan; gaztelaniaz erantzuten zion amak orain eta no gero eginez medikuaren galderei. Medikuaren ahots sendoak logela betetzen zuen eta amaren ahots ahuldua nabarmentzen.

Euskaldunak ginen bai medikua bai gu, eta Euskal Herri osoan nahiko ohikoa zen eszena bera errepikatzen zuen medikuaren bisita bakoitzak. Haren presentziak inpresionatu egiten ninduen baina ez kikildu: inpresionatu egiten ninduten haren plantak eta ahots sendoak, eta, aldi berean, hunkitu ere egiten ninduen gizon puska hark amarekin zuen jarrera delikatuak. Gaztelaniaren dotoreak ere erakartzen ninduen. Eskolan ere dena erdaraz egiten ez genuen ba, egunen batean medikuen-eta hiztun trebezia lortzeko? Ia giro guztiak behartzen gintuen halako desiora, hartara jarria zegoen mentalitate nagusia: ez zen batere harrigarri mediku eta botikariek, eskribauek, abokatuek, arkitektoek, kleroko goi karguek, euskaldunak izanagatik, ikasketen hizkuntza baliatzea beren lanean. Medikuek-eta etxetik urruti, ondo kostata, egin behar izaten ez zituzten ba ikasketa guztiak? Euskara gai al zen ba medikuek-eta gaztelaniaz erakusten zuten dotoreziarako? Zertan eman hainbeste buelta? Garaiak ziren halakoak. Eta abar.

Mendeak egin ditugu hizkuntzaren eta hiztunon arteko hainbat zulo beltz zuritzen topiko barkaberekin. Giro hark normaltzat jotzen zuen mediku bat ikustea euskaraz trabatzen; arraro desegokitzat, aldiz, euskaraz trebatzen. Baina deskribatzen ari naizen mentalitateak funtzionatzen segitzen du gaur ere, bizirik segitzen dute orduko justifikazioek eta morrontzak: euskaldun askoren kasuan, egin beharreko guztia ez eginez gure hiztun eskubideak zaintzeko orduan; euskaraz ez dakien askori dagokionez eta tartean baita euskaldun ugariri, oraindik ere morrontzaren geneetan txertatua daramate gaztelania euskara baino praktikoagoa, aberatsagoa, dotoreagoa den ustea. Eskubide guztien jabe, eta, aldi berean, obligaziorik ez duena. Bestelakorik pentsatzea ere!

Oharkabean zein ohartuta, injustizia baten historia luzea luzatzen segitzen dugu topikoen lokatzetik irten ezinik. Inportantea da ez ahaztea.

Pío Baroja,'arre-arre mandako'.

Urtetara jakin nuen gurera etortzen zen ahots sendoko mediku beltzez jantzia oso baritono ezagun baten anaia zela. Urtetara jakin nuen, berebat, begirunea ziola euskarari: euskaltzale sui generis bat zen, nonbait, profesiotik kanpo noski eta kantuen-eta nostalgiaren bidetik.

Burutazio hauek apuntatzen ari naizela, askotan pasatu zait burutik, etxera etortzen zitzaigun medikuaz gainera, Pío Baroja Zestoan mediku izan zenekoa. Bada argazkiren bat edo beste Baroja zaldi gainean doala baserriren baterako bidean, agian arre, arre mandako kantatuz, euskal giroko bere nobeletan euskarazko kanten eta esaeren puskatxoak ematen zituenean bezala. Haren aita, Serafín Baroja, mena-ingeniaria zen; euskaraz zekien, idatzi eta argitaratu ere egiten zuen euskaraz. Barojak, ordea, ez omen zekien euskaraz (txikitan ere ez?), eta auskalo nola moldatuko zen gizona Aizarna, Endoia, Arroa, Iraeta edo Ibañarrieta auzoetako baserrietara egindako bisitetan. Horra Pío Baroja gaztelaniaz ez dakien amona gaixo batekin. Nola komunikatzen dira?

Baserri urruti bateko amonak aurrean daukan mediku erdaldunak hitzok idatziko ditu handik urte batzuetara:

«[Euskara atzeraka egiten ari da] ez inork gerra egiten diolako, baizik balio ez duelako bizitza modernorako».

Elitearen mekanismoak.

Hizkuntza kontuetan, eta elebitasunari buruzkoetan endemas, on da interpretazio psikologikoetan menturatzea: errealitate linguistikoaren datu sozialak baino ertz ezkutuagoak azaleratzen ditu. Pertsonalak. Subkontzientetik datozenak askotan.

Euskaraz zekiten medikuak, lehen ikasketak eta karrera guztia etxetik kanpo eta gaztelaniaz egin ondoren, gaztelaniaz konpetente eta euskaraz herren itzultzen ziren etxera. Euskaraz hasita, medikuaren euskarak ez zuen pazientearen euskararen bizitasunik, hiztegirik, konpetentziarik. Lotsagarri geratzeko arriskua zuen medikuak eta medikuak errepresentatzen zuen estatus sozialak. Halako egoera batean nor da apal, nork onartzen du ahultasun komunikatzailea? Ulergarria izanik ere euskara herdoildua izango zutela urteak eta urteak egin ondoren etxetik kanpo, ez da zaila imajinatzea euskaraz jarduteak ahul eta totel bihurtzen zituela pazienteen aurrean. Gaztelaniaz jardunda, gaixoaren gainetik zeuden, beste galga batean; euskaraz jardunda, baldar, nahiz egon bazeuden etxeko hizkuntzaren kontzientzia zaintzen zuten rara avis batzuk, adibidez diktadurak errepresaliatu zituen mediku euskaltzaleak, Roman Irigoien Mitxelena, Altzako medikua, kasu (Iniziatiba bat baino gehiago ari da lanean Espainiako Gerran errepresaliatutako mediku euskaldunen memoria jasotzen).

Baina kasu guztiz gehienetan, zerabilten gaztelaniak territorio bat markatzen zuen: jakintzarenaz gainera, hizkuntza hegemonikoaren bermea zuten jantzi eta itzal. Kortesiaren galga bete zezaketen (gure etxera etortzen zenak egiten zuen moduan), baina hortik aurrera mediku gehienek beren terrenoan boterearen hizkuntzarenean artatzen zuten pazientea.

Horrela sortzen dira eliteak: gehiagotasunaren pertzepziotik eta praktikatik. Distantziatik. Klasea markatzetik. Mediku batek jantzi ditzakeen gaban, traje on eta kapelu dotoreenek baino diferentzia gehiago markatzen du hark erakusten duen sentiberatasun linguistikoaren muin psikologikoak. Are areago elebidun egoera batean.

Oker gaude mundu hura iragana dela pentsatzen badugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.