Hezkuntza lege berri bat bultzatzeko asmoa jaso du Eusko Jaurlaritzak bere legegintzaldi honetarako programa legegilearen barnean. Bitartean, Estatu espainiarrean, praktikoki onartuta dagoen LOMLOEk gure hezkuntza eskumenak inbaditzen eta, beraz, gure hezkuntza sistema propioa eraikitzeko aukerak mugatzen jarraitzen du.
Aurreko legegintzaldirako ere iragarri zuen hezkuntza lege berri baterako asmo hori Eusko Jaurlaritzak. Orduan egindako ibilbideak erakutsi zigun egungo hezkuntza sistemak dituen korapilo eta arazo estrukturalei heltzeko eta aldaketa sakonik egiteko asmorik ez daukala gaur-gaurkoz, eta seguru aski egungo sistemari onespena emateko helburua zuela egitasmoak. Izan ere, hezkuntza lege berri baten eztabaidan sindikatuaren ustez alboraezinak liratekeen hainbat gai eztabaidatik kanpo uztea erabaki zuen orduan Hezkuntza Sailak, besteak beste hezkuntza inbertsioaren afera, Madriletik ezartzen diren oinarrizko legedien eskumen injerentziari aurre egiteko mekanismoen eztabaida, edota itunpeko sarearen finantzaketaren inguruko hausnarketa.
Edonola, testuinguru honek hezkuntzako eragile desberdinok gure herrirako nahiko genukeen hezkuntza eredua irudikatzeko ariketa egitera eta azaleratzera garamatza. ELAk hezkuntza sistema propio bat irudikatzen du Euskal Herri osoarentzat, estatu desberdinetako maila guztietako injerentzietatik at egongo dena, hezkuntza publikoa ardatz izango duena, integratzailea, inklusiboa eta ekofeminista, negoziazio kolektibo errealaren bidez langileen lan baldintza onak eta enplegu egonkorra bermatuko dituena, doakoa etapa guztietan, laikoa, inbertsio nahikoa izango duena dituen erronkei aurre egiteko, euskalduna eta euskal kulturaren ezagutza eta hedapena bermatuko duena eta pedagogia berritzaileak eta aktiboak bultzatuko dituena. Kohesio sozialerako tresna eraginkorra eta ikasleen garapen integrala bultzatuko duena.
Ariketa hori egitea ezinbestekoa eta beharrezkoa da noski, bakoitzaren iparra non dagoen finkatzen duelako. Baina nagusiki,gure hezkuntza sistemak, gure agintariak sine die erantzunik gabe mantentzen ari diren arazo estruktural ugari dituela berrestera garamatzalako. Erabaki politiko konszienteen ondorio direnak eta, irudikatzen dugun hezkuntza sistema horretara gerturatu ordez, sistema horretatik gero eta urrunago kokatzen gaituztenak.
Urteak daramatzagu hezkuntza eskumen osoaren egikaritza praktikoa, azpikontratazio politika gelditzea, ratio txikiagoak, hezkuntza inbertsioa zabalagoa, hezkuntzaren desmerkantilizazioa, langile gehiago eta egonkorrak, espazio egokiak, garatutako plataforma digital propioak, segregazioari mugak jartzeko matrikulazio politika egokiak, euskalduntze erreala ahalbidetuko duen murgiltze eredua edota baliabide material gehiagoren beharra mahai gainetako eztabaidetan zein kaleetako mobilizazioetan gure gobernuei aldarrikatzen.
Pandemiak bustitako ikasturte berezi honek agerian utzi eta areagotu egin ditu estrukturalak diren gabezia horiek. Baita zenbait gai oraindik eta gehiago nabarmendu ere, besteak beste,gure gobernuek hezkuntzari dagozkion erabakiak hartzerakoan irizpide ekonomizistak eta aurreztea lehenesten dutela kalitatezko hezkuntza bermatzearen kaltetan, edota aurrez aurreko eskolaratze segurua bermatu bada zuzendaritza talde eta langileen inplikazio eta gain-esfortzuari esker izan dela.
Testuinguru honetan, aurreko krisi ekonomiko-finantzarioaren testuinguruan hartutakoen ildotik doazen erabaki politikoak hartuz gero, berriro ere gure hezkuntza sistema ahulduta aterako da. Etaerabakiak hartzen ez ditugun langileok, ikasleok eta familiok pairatuko ditugu ahultze honen ondorioak.
Gure gobernuek aurrean jarri(ko) dizkiguten lege egitasmoak, hezkuntza sistema osatzen dugunon arteko talka eta polarizaioa elikatzeko eta talka horretan oinarrituta, egungo sistemak dituen sakoneko arazoen gaineko bere ardurak lausotzeko erabiliak izateko arrisku serioa daukagu; hezkuntza komunitatea osatzen dugunok adi eta mobilizaziorako prest ez bagaude, beraz, gobernuek berriro ere osasun krisi gisa hasi eta krisi ekonomiko bihurtu den hau, gure hezkuntza sistema ahultzeko, baliabidez husteko, lanpostuak suntsitzeko, dituen berebiziko arazoak erantzun eraginkorrik gabe uzteko, zein lan baldintzen hobekuntzari ez eusteko edota kaskartzeko aitzakiatzat hartu eta erabiltzeko arrisku serio baten aurrean gaude.
Aitzitik, ELAk krisi egoera hau hezkuntza sistema hobetzeko eta indartzeko aukera gisa baliatu behar dela uste du. Egoera gogor honetatik, zein 2008ko krisialdiaren aitzakiapean aplikatutako politika murriztaileen kontrako mobilizazio dinamiketatik irakasgaiak atera, diagnosi egokien bidez hezkuntza sistemaren gabezi eta beharrak identifikatu, aldarrikapen bihurtu eta gure agintari zein alderdiei zuzendutako interpelazio zuzena gauzatu eta estrukturatu nahi du. Zentzu horretan ezinbestekoak dira:
—Hezkuntza inbertsio publikoa gehitzea, egun EAEn BPGren %3,5ean gaude Unescok aholkatzen duen %6tik oso urrun.
—Egungo segregazio egoera bideratzeko, maila sozioekonomiko desberdina duten ikasleen banaketa orekatu bat ahalbidetuko duten neurri eraginkorrak finkatzea eta praktikara eramatea.
—Ratioak jaitsiz gure ikasleek jasotzen duten hezkuntza hobetzea eta osasuna bermatzea.
—Ikastetxeetako hezkuntza proiektuei egonkortasuna emanez eta urteetako lanaren bitartez pilatu duten ezagutza probestuz ikastetxe publikoetan behin-behineko gisa lanean ari diren langileen enplegua kontsolidatzea.
—Behar bereziak dituzten ikasleentzat baliabideak gehitzea ahalbidetuko duten irizpideak adostasunez ezartzea.
—Hezkuntzaren merkantilizazioan sakontzen duten mekanismoak gelditzea.
—Azpikontratazio politika amaitzea.
—Euskara ezagutu eta erabiliko duten ikasleak sortzeko, egungo hizkuntz ereduen markoa gaindituz murgiltze eredua finkatu zein beharrezko baliabideak zehaztu, adostu eta beharrezko inbertsioaz hornitzea.
ELAk, erronka hauek bere gain hartu eta erantzun egoki bat izan dezaten, beharrezko ikusten du hezkuntzako langile zein gainerako komunitatearen mobilizazio eta aktibazio erreala eta iraunkorra. Bestela, ez dugu gure agintari politikoen irizpide ekonomizisten eta merkantilisten araberako hezkuntzaren inguruko erabakiak aldatzeko aukerarik izango.
Horregatik, datozen hilabeteetan eta garaietan ere, ELAk, irudikatzen dugun hezkuntza eredu horretara gerturatuko gaituzten aldarrikapenak identifikatu eta mobilizazio eta interpelazioaren bidez aldarrikapen horiek lortzeko bidea jorratzen jarraituko du.
ASTEARTEAN: Peio Jorajuria (Seaska).
HEZKUNTZA BIDEGURUTZEAN (XI)
Hezkuntza sistemaren gabezien atzean erabaki politikoak daude
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu