Aazken hilabete luzeetan COVID-19aren ondorioz bizitzen ari garen osasun krisi larri honek gure bizitzak astindu ditu, eta horrek ziurgabetasun egoera ekarri du gure bizitzako arlo guztietara, baita hezkuntza eremura ere. Konfinamenduek, protokolo berrien ezarpenek, lan egiteko modu berriek… kezka eta arazo berriak ekarri dizkigute. Aurretik pairatzen genituen arazoak areagotuz eta beste batzuk agerian utziz.
Euskal Herriko hezkuntzan osasun krisi honi eta aurretik genituen arazoei aurre egitearekin batera, esku artean genituen egitasmoei eta ezarriak genituen erronka ezberdinei ere aurre egin behar diegu. Orain arte bezala, Hezkuntza Sistema Propioaren aldeko lanean egunez egun urratsak ematen jarraitu behar dugu.
Testuinguru honetan, Madrilen hezkuntza lege berria onartu da, eta esan beharra dago onartu berri den legeak ez diela nafarren interesei erantzuten, ezta gure hezkuntza komunitatearen aldarriei ere. Gure iritzian, ezarri dizkiguten gainontzeko zortzi legeak bezala, lege berri hau ere zentralista da, eta hezkuntza sistema propioaren garapenari ez dio aukerarik ematen. Horrekin batera, etxera etorrita, hemengo legedietan ez da erakundeen aldetik borondaterik ikusten hezkuntza komunitatearekin batera trantsizio bat marrazteko hezkuntza sistema publiko, herritar eta burujabe baterantz.
Hori esanda, eman diezaiogun hezkuntzaren egoerari begirada arin bat: Nafarroako hezkuntzan zein gainontzeko euskal lurraldeetan, oztopo ugari ditugu aurrera egin ahal izateko: oraindik orain, hezkuntzaz pentsatu eta erabakiak hartzeko ezintasuna daukagu; bestela esanda, beste esparruetan bezala, hezkuntzan ere ez daukagu burujabetzarik.Ondorioz, estatuen ereduetan, helburuetan eta antolaketetan oinarrituta daude gure hezkuntza sistemak. Estatuek dituzten hezkuntza sistemen antolaketa bera daukagu, sare ezberdinetan banatuta. Gure hezkuntza sistema zaharkitua dago; helburuak, funtzio soziala, antolaketa, bitartekoak.. gizarte eredu zehatz baten eraikuntzarako ezarriak dira.
Hezkuntza sistema zaharkitu honek, ez du bermatzen haur eta gazteen garapen integrala,aske, kritiko eta zoriontsu izan daitezen. Edukien transmisioan oinarritutako hezkuntza da, ikaskuntza memoristikoa eta azterketak (ikaslea hartzaile, bete behar den edukiontzia balitz bezala…), haurraren behar eta erritmoak aintzat hartu gabe. Eta hori gutxi balitz, haur eta gazteen bizkar gainean ezartzen da sarritan sistemaren porrota.
Eta gainera, ikastetxeek ez dute autonomiarik. Ikastetxeak erabaki ahalmenik gabe, bere horretan, administrazioarekiko menpekotasunean kateatuta sarritan. Ez dago eskolaren eta herri eta auzoen arteko harremanik, ezta elkarlanik; eskola jendartearen ardura izan beharrean, eskolaren edo eskolan ari direnen arazoa da. Hezkuntza komunitatearen parte hartzea eta elkarlanerako bideak gero eta gutxiago dira, eta familien partaidetzari ez zaio bide eraginkorrik ematen. Kasu askotan ikasleak aintzat hartu gabe.
Curriculumari dagokionez, herri gisa ez daukagu curriculum propiorik. Egia da euskal curriculumaren eraikuntzan urratsak eman direla, (herri curriculumak, Eki proiektua…), baina, garapen berrikuntza eta aplikaziorako herri bultzada apaldu egin da. Beraz, bada oraindik ere herri erronka curriculum propioa garatzea eta aplikatzea.
Sortzen-en jardunaren ardatz nagusia euskara da; beraz, euskararen lan ildoaren inguruan zabalago arituko gara gaurko iritzi artikulu honetan. Urteak daramatzagu euskararen normalizazioaren bidean, aldarrikapenak, proiektuak, materialak, jolasak, tailerrak, festak zein bestelako ekimen eta dinamikak antolatzen. Behin baino gehiagotan esan dugu euskararen normalizazio prozesuaren zutabe nagusietako bat den hezkuntza sistemak euskalduntzeari dagokionez porrot egin duela, ez baititu belaunaldi berriak euskalduntzen, eta, ondorioz, ez du bermatzen ikasleak euskaldun eleaniztunak izango direnik. Beraz, Ikasle Euskaldun Eleaniztunak nahi baditugu, premiazkoa da, batetik, euskararen ofizialtasuna Nafarroako lurralde osoan, eta horrek, hasteko, euskararen lege berria eskatzen du. Eta Euskal Herriko gainontzeko lurraldeei erreparatuta: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan aspaldian hezkuntza-komunitatea eskatzen ari den bezala, hizkuntza-ereduen sistema gainditu eta murgiltze-eredu orokortu baterako urratsak ematen hasi beharra dago, plan integral eta zehatz bat eta egutegi bat sortuz horretarako, erakunde publikoen eta hezkuntza-komunitatearen artean. Eta Ipar Euskal Herrian zer? Hiru lurraldeotako herritarrei hizkuntza eskubideak dituztela ere ukatu egiten diete, Estatu Frantziarrak hiru herrialde hauetako herritarrei ez die euskararen gaineko inolako eskubiderik aitortzen. Gainera, Administrazioak oztopoak jartzen dizkio, etengabe, euskaraz garatzen den hezkuntzari. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, euskarak ofizialtasun osoa behar du, belaunaldi berrien euskalduntzea berma dadin.
Nafarroan —eta Euskal Herriko gainontzeko lurraldeetan ere— aplikatzen ari diren hizkuntza politikek eta, bereziki, hezkuntzan aplikatzen ari diren hizkuntza politikek, euskarari dagokionez, ez dituzte, ezta urrutitik ere, herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzen. Beste era batera esanda, herritarren hizkuntza eskubideak urratzen ari dira.
Eskubide urraketa horien guztien muinean zer dugu? Besteak beste, hezkuntzan aplikatzen den hizkuntza ereduen politika. Urte luzez, Sortzen elkartea, euskalgintza, hainbat hezkuntza eragile eta milaka euskal herritar, ikasle euskaldunak sortzeko beren eraginkortasun falta frogatu duten eredu horiek gainditzea ari gara eskatzen. Agerikoa da, datuak horrela erakusten baitute, ia 40 urte igaro eta gero, ezarritako ikasteredu sistemak ez duela euskalduntzea bermatzen.
Euskararen ofizialtasunaren aldeko eta murgiltze-eredu orokortu baten aldeko herri bultzada sendoa behar da. Sortzen-ek 2017an plazaratutako Ikasle Euskaldun Eleaniztunak hezteko Hizkuntza Proiektua denon eskura dago. Urteetako esperientziak erakutsi digu, belaunaldi berrien euskalduntzeak eskolatik haragoko konpromisoak behar dituela eta komunitateak berak inplikatu behar duela prozesu horretan; baina, hori baino gehiago ere bai, hizkuntzen ikaskuntza-irakaskuntzak ikastetxeetan plangintza, metodologia eta baliabide berriak eta nahikoak behar dituela. Denon ardura da ikasleen euskalduntzea, gazteen euskalduntzea, eta horrek herri konpromisoak behar ditu. Beraz, berandu baino lehen, bildu ditzagun indarrak eta elkarrekin eman diezaiogun bidea euskaldunen belaunaldi berrientzako etorkizunari.
Arestian esandako guztiak, argi uzten du egungo hezkuntza eredua agortua dagoela, sistema zaharkitu honek ez baitie gure beharrei erantzuten, duela gutxi Madrilen onartu den legeak erantzuten ez dien bezala.
Gure ustez, nahi eta behar dugun eskola berrirantz urratsak emateko garaia da, egungo eskolatik abiatuta egunez egun marrazten ari garen eskola berri horretara jauzia egiteko garaia, hain zuzen ere.
Amaitzeko, pairatzen ari garen krisi honek zerbait argi utzi badigu, bidea elkarlanean egin behar dugula da, eta ez bakoitzak bere aldetik. Hezkuntza sistema propioaren bidean indarrak batu behar ditugu, hezkuntza sistema publiko herritarra, euskalduna, parte hartzailea eta inklusiboa eraikitzeko.
BIHAR
Javier Indurain (SOS Arrazakeria): 'Arraza segregazioa eskolan'.
HEZKUNTZA BIDEGURUTZEAN (III)
Hezkuntza sistema propioaren bidean indarrak biltzeko garaia da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu