Herritarren neurrira egokitua

2017ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Alde Zaharra bakarrik turistentzat eta Erdialdea multinazionalez josita, non dago gure Donostia?ยป. Halaxe zioen lagun batek duela gutxi. Izan ere, turismoaren eztabaida pil-pilean dago, batez ere, Donostian eta kostaldeko herrietan. Urte gutxitan bisitari eta turisten kopuruak biderkatu baino gehiago disparatu dira, eta horrek turismoaren eragin ekonomiko eta sozialak areagotu ditu. Ezagutu dugun turismo eredua di-da aldatu eta aro berrian murgildu gara. Errekorren politikaren aroa bukatu da.

Argitu behar da hazkundea ez dela uniformea, otsaileko ilunabarretan, hamaika auzo eta herritan moduan, agobiorik ez da nabaritzen. Baina hainbat sasoi eta gunetan, zinez, ezin egon. Izan ere, masa-turismoa ez da ona inorentzat: ez bertakoentzat, ez benetako eta jatorrizkoaren bila datorrenarentzat. Azken finean, masifikazioa eta kalitatezko turismoa bateraezinak dira.

Non dago turismoaren muga? Euskal Herriko txoko askotan turismoak ez du goia jo; beste hainbatetan, bai. Herritarren bizi kalitatea da neurgailua: espazioen galera, alokairuaren igoerak, lan-baldintzak, masifikazioak egunerokoan sortzen dituen zarata, zikinkeria, estresa... Bizitza eta turismoaren arteko oreka galtzen denean, turismoaren eragina ezin da neurtu beteriko ohe kopuru hutsen arabera.

Etxebizitzaren eskubidearen urraketa da kontrolik gabeko turismoaren hazkundeak eragin duen kalte zuzena. Donostia adibide hartuta, ez dakigu noraino iritsiko diren etxebizitzen prezioak, baina jada hileko errentengatik 200 euro gehiago eskatzen ari dira. Eta izugarria da zenbat pisu turistiko klandestino dauden, udal arauak urratuz dirutza irabazten ari direnak, zergak ordaindu gabe, eta abar. Eraikin batzuetan praktika sasi-mafiosoak erabiltzen ari dira bizilagunak ihes egitea lortu arte. 2.000 pisu turistiko inguru daude, eta %75ak ez du betetzen araudia. Eta bitartean Udala eta Eusko Jaurlaritza beste alde batera begiratzen ari dira. Beraien mezua argia da: alokatu zure pisua turistentzat, ez herritarrentzat, askoz gehiago irabaziko duzu-eta. Ondorioak? Hor konpon! Turistaz bete eta herritarrez hustu diren zonak gero eta zabalagoak dira.

Bizitzaren eremu guztiei begirako tokian tokiko prebentzio neurriak hartzeko tenorea heldu da. Adibidez: tasa bat ezartzea turismoak sortzen duen aberastasuna hobeto birbanatzeko, kultura edo festa programazioen sasoiak zein edukiak zaintzea, barne garraio-sarearen hobekuntzak turisten fluxuak deszentralizatzeko, merkataritza eta ostalaritzako lan hitzarmenak hobetu eta orokortzea, tokiko produktuentzako espazio eta programak gordetzea, eta abar. Bi hitzetan: turismoari buruzko neurriak hartzerakoan, herritarrei entzun.

Gure altxorra gure nortasuna da; maite dugun hori nola babestu elkarrekin pentsa dezagun. Ikusi dugu han-hemenka nola gal daitekeen, eta akats berberak ez errepikatzeko garaiz gaude. Inork ez du parke tematiko handi batean bizi nahi. Gure herrian bizi, lan eta disfrutatu nahi dugu, orekaz. Seguru turistek ere eskertuko dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.