Politikoki zuzena izateko asmorik gabe, inorekiko morrontzarik gabe idazten ditut lerro hauek.
Hizkuntza baten erabilera normalizatzeko nahitaez hiru baldintza bete behar direla esaten da ikuspegi soziolinguistiko eta politikotik: hizkuntza horren erabilera babesteko legedia, legedian jasotzen dena betetzeko bitartekoak eta hizkuntza berreskuratzeko politika eta planekiko herritarren atxikimendua.
Gu lehenengo bi baldintzetan ongi gabiltzala uste dut, bitartekoetan beti gehiago nahiko den arren. Herritarren euskararen erabilera normalizatzeko politikarekiko atxikimendua ere badaukagu. Hezkuntzako eredu elebidunen arrakastak, bereziki D ereduarenak, euskaltegietan dauden milaka eta milaka matrikulatuen datuek eta abarrek hala erakusten dute.
Alabaina, euskararen erabileran argitasunak adina itzal ikusten ditugu, ezagutu berri ditugun VI. Inkesta Soziolinguistikoaren emaitzek arnasa hartzen jarraitzeko indarrak eman arren.
Hizkuntza bat erabiltzeko lehenik ikasi egin behar da eta ikaste hori bide desberdinetan gauzatzen da Euskal Herrian: hezkuntzaren bidez edo euskaltegien bidez nagusiki. Uste dut hezkuntza sisteman euskarari ematen ari garen tratamenduak gogoeta serio eta sakon bat eskatzen duela. Zerbait ez gara ongi egiten ari eskoletan umeek ikasi bai baina gero erabiltzen ez badute. Zerbait ez gara ongi egiten ari euskararen (baita beste hizkuntzen) irakaskuntzan ahozkoaren erabileraren ordez ia erabat idatzizkoa lantzen bada... Didaktika gehiago irakatsi beharko litzateke gure fakultateetan, etorkizuneko irakasleek irakasteko eredu sendoak eduki ditzaten. Euskararen erabilera birlandu beharko lukete gure irakasleek; IRALE indartsu bat beharko genuke eta irakas ereduak birpentsatu beharko genituzke berriro ere.
Eta helduen euskalduntze eta alfabetatzeari ere atzerako begirada zabal bezain sakon bat bota beharko litzaioke, garai eta baldintza berrietara, herritarren behar eta nahietara hobeto egokitzeko.
VI. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera familia bidezko transmisioa sendotu egin da azken lau urteetan, eta badakigu hori dela hizkuntza baten berreskurapenaren funtsezko gakoetako bat. Baina gurean urtean zenbat ume jaiotzen diren ikusita, ezin gara baikorrak izan.
EUSTATen datuen arabera, 2015ean EAEn 18.840 ume jaio ziren, Nafarroan, 6.013, hurrenez hurren 2010ean 21.170 eta 6.778 izan zirenean. Eta erakunde beraren azken datuen arabera, 2016ko lehenengo hiruhilekoan Euskadin jaio diren umeen gurasoen %21,2 atzerritarrak dira. Jaurlaritzak pentsatzen hasi beharko du baita ere jaiotza tasak igotzeko politiketan.
Eta ikasi ondoren, erabili egin behar da hizkuntzaren berreskurapenean aurrera egingo bada. Eta hor dauzkagu arazo nagusiak, hain zuzen erakundeetatik gutxien eragin daitekeen alorrean. Testuinguru honetan ulertu behar dira berriki Carme Junyet hizkuntzalariak irailaren 27an egunkari honi egindako adierazpen hau, erakundeen egitekoaz galdetu zitzaionean: «Ez dut konfiantza handirik haiengan. Gaia haien esku utziko bagenu, galduta geundeke; ez dute sinesten hizkuntzak guztiona izan behar duenik». Alegia, norberak bere bizitza pribatuan nahi duena egiten du, eta hor eragin nahi izateak kontrako ondorioak ekar ditzake. Ez dira gutxi gure artean arrazoi bategatik edo bestegatik euskara ikasi behar izan, baina gero erabiltzen ez dutenak. Eta hori gertatzen zaigu adibidez baita lanaren munduan ere. Sozialki euskarak garrantzirik gabeko hizkuntza izaten jarraitzen du eta hizkuntza eskakizunen artikulazioa beharrezkoa dela aitortzearekin batera, baita ere uste dut artikulazio hori egin daitekeela kontuan hartuz eta uztartuz lan-eskubidea eta euskararen erabilera.
Bitartekoek erakargarriak izan behar dutela esaten dugu, baina uste dut huts nabarmena egiten dugula erabaki askotan, nagusiki erabiliko luketenei zer eta nola erabakitzeko aukerarik ematen ez diegulako. Ia beti dira goitik beherako proposamenak, itxiak, zurrunak, eta emaitzak ikusita, ez oso erakargarriak. Ez dugu asmatzen, euskarazko produktuen kontsumoak ez duelako gora egiten hizkuntzaren jabekuntzan egiten ari garen neurrian. Zer esan, adibidez, ETB1 katearen ikus-entzule urrien harira? Euskararen erabilera normalizatzeko politiken hastapenetan behar-beharrezko bitartekotzat jo zela sinestea ere!
Internet eta sareko edukien kontsumoa gaztetxo, gazte eta hain ez gazteon artean beste euskarri batzuetako produktuena baino askoz handiagoa da eta goraka doa. Eta horrela aitortzen dute erakundeek ere, Jaurlaritza buru dutelarik, baina horietan inbertitzen den dirua ez dago inondik ere ematen zaien garrantziaren parean. Uste dut lehentasunak finkatu behar direla eta diru laguntzak barreiatu partez helburu estrategikoak zehaztu eta arreta horietan jarri.
Oro har, ezinbestekoa ikusten dut inguruan gertatzen denari, egiten dugunari etengabe eta arretaz, begirada kritikoarekin begiratzea. Eta batez ere, euskararekin gozatzea, euskara erabiltzea.
EUSKARAREN NORMALIZAZIOA. NORANTZ EGIN? BIDEBERRITZEN
Hemendik aurrera?... eta erabiltzera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu