Vicent Partal.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Hasel preso, mossoak Meridianan

2022ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Aste honetan, asteazkenean zehazki, urte bat bete da Pablo Hasel rap kantaria kartzelan sartu zutenetik. Ponenteko espetxean dago, Lleidan: antzinako kantuek, kasu honetan herri kantu katalanek, duela zenbait mende ahaztezin bihurtutako espetxeetako batean.

Hasel atxilotu eta kartzelatu zutenean, elkartasun olde bat piztu zen hala Katalunian nola Europako beste zenbait lekutan, baina, urtebete igarota, badirudi itzalia dela. Oraingoan ez dugu ikusi orduko manifestazio handirik, baina bai efemeride hori oroitzeko ekitaldi batzuk. Inguruabar jakin horretatik harago, ordea, argi dago gizartearen parte handi batek ez duela ulertzen, ez baitago ulertzerik, artista bati halako jazarpen neurrigabea egitea. Artista horrekin ados egongo zara ala ez, gustatuko zaizu gehiago edo gutxiago, baina kantatu, hitz egin, pentsatzen duena adierazi besterik ez du egin.

Hain justu aste honetantxe, Europako Kontseiluko Giza Eskubideen komisarioak, Dunja Mijatovicek, gutun gogor bat bidali dio Espainiako Parlamentuari, esateko larritzekoa dela zenbat eta zenbat jende zigortzen den Espainiako erreinuan mozal lege delakoa aplikatuta.

Libertaterik oinarrizkoenak ere arriskuan daude horren ondorioz, eta, zoritxarrez, Martxelo eta Maria, ez Espainian bakarrik. Aste osoan, Bartzelonan, etengabe katua eta sagua bezala ibili dira, batetik, duela seiehun gau pasatxotik gauero errepresioa arbuiatzeko Meridiana hiribidean elkartzen ari diren manifestariak eta, bestetik, Mossos d'Esquadrako kideak, mossoak elkarretaratze horiek eragotzi nahian baitabiltza gauero larunbatetik. Legez kanpo ibili ere. Zeren Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren jurisprudentziak berak onartzen baitu eskubidea dagoela egokitzat jotzen denean manifestatzeko, eta, beraz, baita egokitzat jotzen den denbora guztian ere. Hamaika ikusteko jaioak gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.