Adiskide bakar batekin hasi zen txantxa, baina laster batean zabaldu zen lagunarte osoan. Azaldu baino lehen, testuingurua apur bat argituko dut. Duela urte gutxi batzuk baino ez nuen euskaraz bizitzeko erabakia hartu. Alegia, euskara pasiboki jasotzeko gai izatetik, aktiboki ere bilatzera igaro nintzen. Are gehiago, nire nortasuna hizkuntza honen bitartez eraikitzen hasi nintzen: pentsamenduak, lana, harremanak... Eta, aizue, pozarren orduz geroztik.
Erabaki hori hartu baino lehen, nire istorioa arras arrunta izan zen; Gasteizko gazte gehienen berdintsua, nire ustez. Hezkuntza sistemak hizkuntzarekiko indiferentzia hutsarekin eta solastatzeko erdipurdiko gaitasunarekin utzi ninduen; beste gauza askorekin batera gelaren barruan gordeta geratuko zen iraganeko eragozpentzat neukan euskara.
Askoren kasuan ez bezala, euskararen zera atabiko hori ez zen erakarri ninduen faktorea, ezta arbasoek ahaztutako hizkuntza berreskuratzeko nahia ere, familia Euskal Herritik kanpokoa bainuen. Tresna hutsa ez, baizik eta edukia nuen gustuko: euskal literatura eta musika hobeto ulertu nahian, buru-belarri ekin nion hizkuntza hobeto ikasteari —egunkari honen testuak, besteak beste, lagungarri prozesuan—, hizkeran nire jatorri muggle-a ikusezin bihurtu arte.
Askotan, ordea, lagunek zerbait lekuz kanpo dagoela igartzen dute. Tabernetan euskal abesti ezin mitikoagoren bat jartzean haiek erakusten duten frenesiaren aurrean axolagabe azaltzen naizenean, orduan haserre galdetzen dute: «Baina hi non ostia gorde haiz gaztaro osoan?».Hemen bertan, baina oso urrun aldi berean, antza.
Hortaz, hasierako adiskide burutsu horren txantxa. Harry Potter mundu magikoaren ezaugarri oinarrizkoenak aurkitzean nola, hala geratzen nintzen ni Laztana abestia erakutsi edo santomasei buruz lagunek hitz egiten zidaten bakoitzean: aho bete hortz. Bazter batean geratzen nintzen parrandetako abesbatzak Egingo dugu kriston kanika taldea leloa garrasika aldarrikatzeari ekiten zioen une horietan. Mago betaurrekodunaren lagunei bezalatsu, gauza barregarri bezain sinesgaitza iruditzen zaie nire lagunei arrunt-arruntak diren erreferentzia kulturalak eskimal bati bezala azaldu behar izatea beste euskaldun bati.
Jon Maiaren jarduna arretaz eta atseginez jarraitu dut haren berri eman zidanetik Altsasuko Extremadurako Etxeko presidenteak —etorkin komunitatearekin egiten duen zubi lanaren seinale—. Bera bezalako erreferenteak izatea, berria ez ezik, ezinbestekoa ere izan zitzaidan: identifikazio handia sentitu nuen. Eta horrelako nahikorik ez dagoela esango nuke, nahiz eta euskararen historian kanpotik etorritako euskaldun mordoa egon, literalki zein kulturalki. Beraz, euskaldunen munduan murgildu diren Harry Potterrengandik gauza bat gustatuko litzaidake: euskaraz bizi eta sortu ez ezik, haien bizipenak kontatzea, gure iruditeria aberasteko asmoz.
EGUZKI EPELEAN
Harry Potter eta euskaldunen misterioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu