Handiak onuradun

BERRIA.
Mikel Hiribarren.
2020ko otsailaren 29a
00:00
Entzun
Aditu batek berriki erran dugunez, Europako batzorde kideek hamabost egunez idatzi dute Bruselan heldu den zazpi ala hamar urtetako nekazaritza politika bateratuaren proiektua. Nork sinetsiko du lan serio eta sakona bete izan denik hain epe laburrean? Hainbeste mila milioi daude jokoan nekazaritza politikarekin. Aurreko programazioaren berdina izango da datorrena, nahiz jantzi berriz plazaratu duten.

Eginen dituzte hamaika bilkura estatuburuek erabakitzeko zenbat mila milioi banatuko den Europatik, gogoetatu ordez elkarrekin nolako nekazaritza nahi den Europarako, eta nolako elikadura burujabetasuna.

Frantziako Gobernuak zabaldu duen dokumentu batean irakurri dugu PACaren lehen garaietako helburua zela baserri munduaren husten laguntzea. Bigarren aro batean, 1992tik aitzina, laborarien errentak lagundu nahi izan dira lehenik, axolatu gabe nekazarien kopuruaz, beraiek diotenaz. Beren ustez, lortu dute errentak mantentzea, baina bidenabar galdu dugu hainbeste laborari.

Ikusten da esaldi pare horrekin zenbateko eragina duen Europako Nekaritza Politikak gure herrialde guzietan. Eta harrigarria Europak berak aitortzea hastapenetik orain arte politika publiko horren ondorio nagusia izan dela nekazarien guttitzea eta desagertzea. Aspalditik ulertua genuen herrialde bat aitzinatuago kontsideratzen zela laborari kopurua ttikien ttikienerat eramana zenean.

Guk, Euskal Herriko Laborarien Batasunetik (ELB), kondena zuzena adierazi dugu beti lur eremuei eta animalia kopuruei ematen diren Europako laguntza horiei. Lur eremu gehiago eta diru gehiago, abere edo azienda gehiago eta diru gehiago. Inoiz ez dugu erdietsi benetako mugarik ezartzea. Politika publiko horrek ondorio zuzen eta latza dauka beraz, urtez urte etxaldeak gotortzea, barruki eta arditegiak handitzea, produkzioak espezializatzea, kantitateak ekoiztea kalitatearen kaltetan, nekazariak diru laguntzen menpe jartzea, eta nekazari gero gutiago gelditzea gure landa eremuetan.

Nekazaritza eta abeltzaintzan lan egiten duen persona bakoitzari zuzenduak izan balira diru laguntzak, eta ez eremuei edo animaliei, guziz bestelako dinamikak egongo lirateke gure Euskal Herriko ibar eta mendi zelaietan. Ahantzi gabe modu horretan etxalde ttikiek ere beren partea hunkituko zutela Europatik, hain baliosak direlarik beren izateak eta lanak gure ingurumena zaintzeko eta gure elikadura ekoizteko.

Urte oso batez eztabaidatuko den 2020-2030eko nekazari programazioak finkatuak ditu norabide nagusiak. Jarraituko dute lur eremuak eta hazkuntzak modu berean diruztatzen, nehongo baldintza zorrotzik ez delarik behartzen ekoizteko moduetan, orain arte baino murritzago lagunduko dituztelarik borondatezko trantsizio urratsak edo ekologikora pasatuko diren etxaldeak. Arabatik Mixel Berhokoirigoini entzuten genion PACeko euro bakoitzak laborantza iraunkorra beharko lukeela baldintza. Jendartea gero gehiago adierazten ari da bertako janari osasuntsu eta zaporetsua nahi duela. Eta politika publikoek jarraitzen dute ekoizpen kantitateak lehenesten eta elikadura guziz gehiena nekazaritzako elikagaien industriaren eskuko uzten eta sostengatzen. Lehenik eta behin, Europako Nekazaritza politikak beharko luke kontuan hartu nekazari kopurua. Baitezpadakoa da nekazari ugari egotea lurralde bakoitzean, kalitatezko ekoizpenak eskaintzeko eta ingurumena zaintzeko, landa eremuen biziarazteko bezala. Berehala ondotik axolatu beharko luke nekazari ekoizpenen sal prezioez eta beraz errenta duinez, nahiko litekeelarik horretarako merkatuak erregulatzea. Utz dezala Europak mundu guztiko jendetzaren hazteko fantasma hori, eta lot dadila lekuan lekuko nekazaritza eta elikadura zintzo eta iraunkorrak bultzatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.