Oraindik ere ez dakizu nola gertatu zen. Bat-batean mediku-kontsultatik atera eta haurdun zeunden. Zerrendatu zenituen nabaritu behar izan zenituen seinaleak, eta bai, agian sentitu zenuen goragalea, agian bazeunden lehen baino are nekatuago. Bizkarreko minaren eta lanetik bueltan sofan bota eta ezer egiteko gogorik ezaren multzo berean sartuko zenituen horiek ere. Fisikoan aldaketarik? Ezin erantzun. Hilekorik apenas, noski, baina hori ere ez zen arraroa. «Adiago egon behar duzu gorputzak diotsunari», esan zizun medikuak. Orain ume bat zeneukan barruan, sostengatu nahi ez eta sostengatu ezin zenuen izaki bizidun bat, eta erabakitzeko eskumenik ez. Beranduegi: legalki abortatzeko epez kanpo.
Eskerrak halakoetan buruargia zaren. Bilaketa arin bat baino ez zenuen behar izan botiken izena aurkitzeko. Ahizpari eskatu zenizkion, lagun batentzat zirela esanda. Aste batzuk beranduago itzuli zinen medikuarenera. Naturalki gertatu zelako itxura eman behar ei zuen. Medikuak, sentitzen zuela. Zuk, arindua ez beste ezer sentitzen zenuelako itxura emateko saiakera. Etxera itzuli, plantak egin ezer gertatu ez zela. Hilabete ingurura, arrasto gorri-marroixka komuneko paperean. Inoiz ez zenuen halako pozez zabaldu hilekoari jarraipena egiteko aplikazioa.
Gero etorri zen gutun ziurtatua. Legez kanpoko abortua, epaiketa. Posible da, noski. Posible da zure gorputzean gertatzerik nahi ez duzun prozesu bat geldiaraztearren kartzela-zigorra jasotzea. Eta zuk egin egin zenuen.
Ahizparengana itzuli zinen. Zerbait erakutsiko ote zuten abortu ostean egin zizkizuten analitikek? Urteetara, azkenean, epaiketa. Frogen artean, medikuaren testigantza, nola galdetu zenuen lehenengo kontsultan bertan ea posible ote zen haurdunaldia etetea. Eta txosten bat, zure hilekoaren joan-etorrien datuak jasotzen dituena. Mugikorreko aplikaziotik ateratakoa.
Distopikoa dirudi, ezta? Oxala hala balitz. Baina ez: Erresuma Batuko poliziak hiru urte daramatza hilekoari jarraipena egiteko aplikazioei erabiltzaileen datu-txostenak eskatzen, abortu ilegala praktikatu dutela susmatzen dutenean. Flo aplikazioaren pribatutasun politika eguneratuak, esaterako, datuok legalki igorri ahal izateko zirrikitua zabaldu du. Joan den urtean aurreko 160 urteetan baino emakume gehiago epaitu zituzten herrialde horretan abortu ilegalak leporatuta.
Bestalde, pribatutasun politika eguneratua ez da Flo-ri lepora dakiokeen gauza bakarra: konpainiak orain gutxi abiarazi zuen Flo for Partners aplikazio bikia, hilekodun pertsonen bikoteei bideratua. Tira, hilekodun emakumeen mutil-lagunei, hobeto esanda. Programek berauek ondo bereizten baitituzte hilekodunak eta haien bikotekideak she eta he izenordainekin, hurrenez hurren. Eta ez da hor amaitzen: gizonei bideratutako aplikazioaren funtzioa, batez ere, haien bikotekidea ziklo hormonalaren arabera zer aldartetan egongo den ohartaraztea da. «Premen dago, beraz, ez egin kasu handiegirik!», «obulazio garaia, zu bai zorionekoa!», edo «hilekoarekin dago; hurbildu ere ez». Halako zerbait. Berba egin beharrean, lotura guztiz esentzialistei jarraituz ondokoa hala edo bestela sentituko dela ondorioztatzera bultzatzen duten mezuak. Emakumeei agentzia kentzen dietenak, bikotekideen aurrean, baina baita haien beharrei erantzuteari dagokionean ere. Eta hori guztiori biribil more, laranja eta arrosek osatutako pantaila leunean.
Ez dakit ohartzen garen, ohartu nahi ote dugun, gero eta oinarrizkoagotzat ditugun tresna hauen atzean zer dagoen. Izan ere, badago alde batetik gure datuen merkantilizazioa; kontsumo-ohiturak bideratu eta muturrera eramateko edo, txarrenean, gure kontrako kasu legalak eraikitzeko. Baina badago beste alderdi bat, inoiz ezer ilegala egin ez baduzu ere, edo iragarki pertsonalizatuak jasotzea baliagarria izan daitekeela pentsatu arren, hotzikara sortzeko modukoa dena: aplikazio eta tresna hauek guztiek gure egunerokotasunean txertatzen ditugun heinean, haien atzeko ideologiari ari gara lekua egiten. Hilekoa etorri zaidala markatzen dudanean agertzen zaizkidan galderak ez dira neutroak, web-orrien ertzetan gomendatutako estekak ez dira neutroak, ez dira neutroak algoritmoak ezta gure pantailetara bidaltzen dituzten edukiak ere. Eta teknologia bere horretan errefusatzea ez da erantzuna –aukera erreala ere, nekez–. Hamaika bide eskain ditzake gure alde egiteko, zertan ari garen jakinez gero. Arazoa da gehientsuenetan eskura ematen dizkiguten baliabideak elite eta hegemonien mesedetan sortutakoak direla. Eta uste baino kontrol txikiagoa dugula esku artean gehien darabilgun tramankuluaren gainean. Jakintza-banku oso bat zabaltzen zaigu ukitu baten, baina jakintza hori bada inorena. Zeini dagokion jakitea gero eta gaitzagoa den arren.