Leire Vargas

Ulysses eta Aitana erreka-bazterrean

2024ko otsailaren 11
05:00
Entzun
(ID_17073925622765) DOM CAMPISTRON
DOM CAMPISTRON

 

Neguko egun eguzkitsua. Aspaldikoz atera naiz amaren herrian itzulia egitera, ni bakarrik. Erreka berdeak ia ez darama urik, garbi ikus daiteke hondo harritsua, lazunak pasaeran, plastiko-zatiren bat han-hemen. Balkoien azpialdean urak itzal-sareak islatzen ditu, arnasari lekua uzten dion akuarioa irudi. Hondartzara heldu aurretik ere lelotu naiz ibaiak hartutako herriari begira. Lehenengoz ikusten arituko banintz lez.

Aitzitik, bertan egin nuen ia haurtzaro erdia, amuma eta aititarenean, baina ez daukat orduko akordu distiratsurik; izan zitekeen eta izan ez zenarekiko nostalgia fin bat, izatekotan. Goizetan amumarekin mandatuak egitera atera eta bide hauxe bera genuen Plazaberduraraino. Bueltan parkean geratu eta auzoko umeekin jolas egin nezan xaxatzen ninduenean, aterabidea bilatzen nuen beti. Egun osoa emango nuen aldizkaria irakurtzen, edo margotzen, amumarekin Triominos-ean edo aititarekin Saber y ganar ikusten.

Ez zen hemengo haurrekiko kontu pertsonala. Gurasoen kuadrilla-bazkarietan ere gurago izaten nuen helduen elkarrizketak entzuten geratu gainontzeko haurrekin txoko ostera atera baino. Baita hirugarren kopa-errondarekin ziotenaren testuingurua ulertzeko saiakeran amore eman behar nuenean ere. Haurtzaroaren ardatza heldu izateko itxoitea balitz lez.

Beinke, helduekin hobeto konpontzen nintzen: aititarekin dendara joatean elkarrizketa luzeak izaten nituen harakinarekin; beti ateratzen nion urdaiazpiko-zatiren bat opari. Ume aldrebesa nintzen, gero. Urte hauetan guztietan gertu izan dut gorrotozko begirada amari orduko kontuak ateratzea otutzen zitzaionerako.

Nerabezaroan bai, hasi nintzen adinkideekin harreman sendoagoak osatzen. Orduak ematen genituen amerikar institutuko koruaren inguruko telesailaz disertazioak osatzen, edo pop abeslari sasi-Disneytarren azken kantuak miresten. 15 urteen bueltan, ordea, musika mota hori komertzial eta xaloegia zela erabaki eta armairuan gorde nituen CDak, gelara bisitan zetorren inork ikusiko balitu ere. Umekeriei ihesi berriz.

Ordutik ez naiz itzuli kantuotara. Orain arte. Txikitako erreka-ertz berberean behera noala, 11 urte nitueneko abeslari gustukoenaren diskoa dut entzungailuetan. Kanta guztien hitzak oroitzen ditut. Eta batzuk hain txarto ere ez daude. Are, batzuk sekulako bop-ak dira. Ez zeukan gustu txar-txarra 11 urteko Leirek.

Ez dakit zergatik eman ditudan azken urteak iraganean maite nituen gauzez lotsatzen. Edo, tira, bai, badakit. Multinazional diskografikoetako ezkutuko langileek hamar minutuan idatzi eta 21 urteko neskatila post-haur-aktoreek interpretatzen zituzten kantuak filtro barik eztarritik behera sartzeak ez zirudien bateragarria euskal ezkertiar intelektual profilean kabitzearekin. Ez zen oso koherentea.

Azkenaldian, ordea, 15 urterekin ezagutu, sinetsi eta idealizatu nituen ideia eta inguruak ere kritika daitezkeela ohartzearekin bat, aurretik hainbeste maite nituen telesail eta abeslari horietara itzultzen topatu dut neure burua. Ironikoki, esaten nion hasieran neure buruari. Behin baino gehiagotan pentsatu dut: zer zabiltza horrela, atzera egiten? Bizitzan gauza batzuk gainditu egin behar baitira. Oraindik ere barrea ateratzen dizuten arren.

YouTuben Glee-ko eszenen mozketak ikustera itzuli den Leire ez da lehengo berbera, gainera. Pieza hauetan ikusten dudana ez da lehengo gauza bera. Ertz berriak aurkitzen dizkiet istorioei. Disko zaharrak entzun eta gai naiz esateko kanta batzuk beste batzuk baino hobeak direla. Gai naiz esateko zein letra den hamar minutuan idatzia eta zein ordu erdian. Eta hamar minutuan idatzitako baten bat gozatzeko ere banaiz gai. Lotsa barik.

Uste dut luzaro ginena eraikitzen zuten gauzak ezdeusak zirela sentitu dugunok badugula beharra, gerora, itzal handi, trinko bat proiektatzeko. Horrek ginenaren (eta garenaren) zati bat ezkutatzea eskatuagatik. Baina zergatik ditugu zaletasun batzuk horren miresgarritzat, eta baztertzen ditugu beste batzuk? Eta, batez ere, zergatik irizten diogu zilegi pertsonen balioa haien zaletasunen arabera epaitzeari? Bateraezinak al dira Ariana Granderen hurrengo diskoa entzuteko gogoa eta begirada kritikoa edukitzea?

Behin izan nintzena hainbat urtez infantilizatu eta txikitu ostean, ez diot gehiago ihes egin nahi. Ezta oraindik gozarazten didanari ere. Ez dut intelektualismoa antzeztu nahi nire hitzak balioa duela erakusteko. Miresten ditudan pertsonek Aitanaren azken kantaren gainean egindako analisiak azaltzen dizkidate. Glee-z hitz egiten dute Ulysses-ez ariko balira bezala. Beste batzuek Ulysses-i erreferentzia egiten diote. Ez ditut gehiago maite, ordea; ez hargatik, behintzat. Biekin gozatzen duenik ere badago.

Ez dut lotsaz egin nahi erreka-ertzeko ibilbidea izan nintzen haur aldrebesarekiko aurrez aurre jartzen nauelako. Izango zuen aldrebesa izateko arrazoirik. Eta, bestela ere, argi dago amumaren egongelan zegoela bera erosoen, ABBAren kantak entzun bitartean Bob Belaki-ko pertsonaiak margotzen. Eta ondo da. Gaur naizen honen txokoren batean dago bera ere oraindik. Ez dut kanporatuko, ez du parkera ateratzeko gogorik eta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.