14 urte neuzkan interbentzioa egin zidatenean. Kanpin-dendatxo azul batean geunden, orduan kuadrillakoa zen baten baserriaren ondoko landan, eta halako baten esan zidan lagunak: «L. eta biok lesbiana zarela uste dugu».
Masailak gorritu zitzaizkidan. Izerdi-tanta hotza lepoan behera. «Bai, ze lesbianak dauden serieak bakarrik ikusten dituzu eta gero asko obsesionatzen zara haiekin». Eta ni artean ahorik zabaldu barik.

Orduan ukatu egin nuen akusazioa, baina, egia esan, harrigarriki zuzena zen. Doi-doia. Izan ere, nire bizitzako 14. urtea emakumeak maite zituzten emakumeen fikzioak bilatu eta kontsumitzen eman nuen —gerora etorri zen genero bitarra zalantzan jartzea—. Twitterren agertzen zitzaizkidan irten berri ziren telesail-atalen pantaila-argazkiak eta, Sonia está a 500 metros de ti zioten zazpi iragarkiri iskin egin ostean, sailaren hiru zabor-denboraldi irensten nituen, laugarrenean bi tipen arteko musua zen gailurrera heltzeko. Gero behin eta berriz eta berriz ikusten nituen partekatzen zituzten lau eszenak, Youtubeko bideomuntaietan, indie pop kanta goibelen gainetik.
Hitzetan jarri aurretik ulertu nuen erreferenteek norbere burua berresteko orduan duten garrantzia. Eta horrela bihurtu zen Leire nerabea fikziozko safismoaren detektibe.
Izan ere, pertsonaia kuirrak bigarren mailakoak izan ohi ziren eta haien istorioei arreta gutxi eskaintzen zieten kamerek. Edo hain ale txikitan zihoazen haien alderdi disidentea erakusten, ze sailaren azken-aurreko atalera arte ez zen gertatzen agerikoa eta ukaezina zen ezer. Edo, are, kontua ez zen inoiz esplizitatzen eta azpitestuan ger(t)atzen zen guztia. Bitartean, gizon-emakume bikoek elkar ezagutu, eta bi eszenatara umeen izenak pentsatzen ariko ziren. Tira, agian esajeratzen ari naiz. Baina ez hainbeste. Dinamika heterosexualetan identifikatzen ikasi dugun hizkuntza —begiradak, irribarreak, amaitu bako esaldiak— askoz lausoagoa baitzen emakume moduan irakurtzen ziren bi pertsonaiaren artean gertatzen zenean. Jendeak ez zuen erotismorik identifikatzen. Laztan berdinak bi gauza desberdin esan zitzakeen. Eta noski, izan daiteke horrela, segun eta zein kasutan. Baina zergatik ziren keinuok beti lagunkoiak gizonik ez zegoenean tartean?
Askotan leporatu didate «toki guztietan bollerak ikusi nahi izatea», izan fikzioan, historian edo pop kulturan. XIX. mendeko halako idazlek bere nebaren emaztearekin eduki zuen harreman izugarri estu eta nolabait lausoaz irakurtzean zirraratzearren, adibidez, edo bestelakoren testuen irakurketa alternatiboak egitearren. Interesgarria da: pertsonaia historikoez ari garenean, askotan kritikatzen da beste garai edo testuinguru batzuetako dinamikak gaurko terminologia erabiliz identifikatzea. Ohikoena guztia begirada normatibotik irakurtzea ez balitz legez. «Emily Dickinsonek ez zeukan bere burua bolleratzat». Ba, spoiler: heterosexualtzat ere ez, 1886an hil baitzen, eta 1892ra arte ez zen lehenengoz erabili terminoa.
Noski kuirrok gure markotik irakurtzen dugula mundua: hori egiten ez dutenen irakurketa neutroa dela pentsatzea da arazoa. Testuinguruak eragindako aurreiritzietatik salbu dagoen begiradarik existituko balitz lez. Mendebaldeko marko hegemonikoak guztiari inposatzen dio heterosexualitatea. Horregatik zeukaten txikitan jolasten nuen Érase una vez el hombre-ren ordenagailu-jokoan agertzen ziren Antzinako Egiptoko familiek telebistako Nutellaren iragarkietakoen hainbesteko antza.
Irakurketa kuirrak egiterakoan ere saihetsezinak dira aurreiritziak, baina, aldi berean, buelta ematen zaio marko heterosexualak nahitaez dakarren inposaketari. Izan ere, bizimodu heterosexuala bat da. Alderdi askotakoa, baina integrala eta zehatza. Kurtsoko mutil gaixtokoak irribarre egin diolako urtzen den neskato formala. Togadun aita-semeak Pantenoi aurrean irribarrez. Kuirra, ordea, horri erronka egiten dion oro da. Guztia, eta aldi berean ezer zehatzik ez. Molde inposatuetatik atera eta bestela bizitzeko edozein modu. Eta horrek dakarren askatasun guztia.
Horregatik, zer edo norbaitengan kuirtasuna identifikatzen dugunean, ez gara gauza jakin bat edo beste egin duela esaten ari; egiten ari garena heteroarauaren horma estuetatik atera daitekeelako aukera zabaltzea da. Horretarako dauden modu infinituetako batean. Horrek nahitaez pertsona modu batean edo bestean etiketatzea ekarri barik. Kontua ez baita kategoriak izenez betetzea, baizik eta edozeinen ekintzetan egon daitezkeen praktika subertsiboak ikusaraztea. Ez —bakarrik— gure moduko zenbat egon diren azpimarratzeko, baizik eta agerian gera dadin ez dagoela gu eta haiek banatzen gaituzten lerro hertsirik. Zerbait bestetzat markatze hori beti izan baita zapaltzaileak bere boterea berresteko erabilitako estrategia.