Leire Vargas

Sektak, lagun idealak eta beste kutxa batzuk

2025eko martxoaren 9a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Denok ezagutzen dugu halako talderen bat. Giro bakoitzak baditu bereak. Itxi itxura darie nahiz eta kidetza adierazteko bereizgarri ofizialik eduki ez. Badituzte haien txantxa ulergaitzak eta airea betetzen dute ezagutzen ez dituzun izen eta erreferentziez. Estiloa eta keinuak kopiatzen dizkiete elkarri. Bat agertzen denean besteak inoiz ez dabiltza urrunegi, eta badirudi guztiak batzean hazi egiten direla, elkarren itzalei jaten emango baliete lez. Tarteka aurpegi berriren bat hasten da haien selfietan agertzen. Edo baten batek azaltzeari uzten dio.

Kirolzale talde batez ari ninteke, edo, are, kuadrilla biologikoez. Baina ez. Haiekin ezaugarri batzuk partekatu arren, bestelakoa da lagun talde hau. Arinagoa. Iragankorragoa, agian. Kideak jatorri askotarikoak izan daitezke, eta likido samarra da elkartzen dituen arrazoia. Eurek ere nekez azalduko dizute, seguruenik. Hori bai: identifika daiteke haien baitan geruza moduko bat gainontzeko munduarengandik bereizten dituena. Kupula bat, babes-mintza, armadura.

Egon zara inoiz halako baten? Nik baietz uste dut. Esan izan didate noizbait hurbileko izan dudan talderen bati buruz «sekta bat» dela. Eta, egia esan, uler dezaket zergatik. Elkartzen gintuzten planak beti ziren antzekoak. Elkarrizketak ziklikoak ziren, beti gai berberen baitan kiribiltzera bideratuak. Batak halakok botatako azken kopla kritikatzen zuen. Besteak bestelakoren bertsoa miretsi. Denok egiten genuen barre. Denok abesten genizkien errepikak.

DOM CAMPISTRON
DOM CAMPISTRON

Bada, zentzu baten, dinamika hori ispila dezakeen fenomeno bat: Interneteko komunitateak. Interesak edo koiunturak elkartzen ditu eta kultura oso bat sortzen dute haien baitan: erreferentziak, hizkera propioa, errituak, liderrak eta jarraitzaileak. Elkarren kezkak eta egoera sakonki ezagutzera heldu barik, liken eta reposten bidez egiten dute ageriko elkarrenganako bultzada eta babesa.

Noizbait halakoen parte ere izan naizela suposatzen dut. Nerabezaroan, ingurukoen harremantzeko modua heterosexualitateak definitua zenean, eta ez neukanean lagun irakurzalerik. Garai baten Twitterren eta Tumblrren aurkitzen zuen onarpena inguru fisikoan baztertutako jendeak. Batzuk hor ikusi genuen lehenengoz bestela ere bizi daitekeela. Eta, horrekin batera, jaso genituen erreferentziak, partekatu genuen jakintza, izan genituen eztabaida aberasgarriak; aurrez aurreko eremuetan gertatzen den bezala.

Seguruenik nahitaezkoa zaigu halako sareak eraikitzea, izaki sozialak garenez. Interneten gertatzen dena da eman dezakeela askotariko jendea ezagutu eta iritzi desberdinez elikatzeko toki bat dela. Baliteke eskaini izana horretarako aukeraren bat inoiz. Gero eta gehiago, ordea, algoritmoek honezkero kontsumitu eta gustatu zaigula aditzera eman duguna birziklatu eta irentsarazten digute behin eta berriz; gradu bat igota agian, apur bat minago, zorrotzago. Eskutik eramaten gaituzte gure zaletasunen azken muturretara. Puztu-puztu egiten dituzte hasieran iritziak zirenak, dogma bilakatzeraino.

Hala ere, aurrez aurreko batzuk ez daude horrengandik urrunegi, ezta?

Neurri baten, ulertzekoa da hori bilatzea. Ze satisfazioa, zuzen gabiltzala entzutea behin eta berriz. Onarpen osoa. Bultzada konstantea. Zelan ez nau ba poztuko egiten ditudan txantxa guztiei barre egingo dieten hiru lagun edukitzeak ondoan beti. Zelan ez dut ba halako taldea bilatuko. Iritzia ematen dudanean «guztiz» edo «literal» edo dagokien iruzkin baikorra bota dezaten. Ez dezaten inoiz esan deseroso sentiaraziko nauen ezer. Atea itxita bestelako ikuspegirik ekar dezakeen edonori.

Eta noski, behar ditugu guztiz onartuak eta indartuak sentiaraziko gaituzten taldeak. Baina arriskutsua da elkar onartzea guztian ados egotearekin nahastea. Eta baita norbere burua halako inguruetan gakotzea ere. Bidezkoa izan ala ez, gure kontrolpean ez dauden eremuetan bestelako ikuspegia duen jendearekin egingo baitugu topo. Eta okerragoa dena: parez pare dugunari baino begiratzen ez badiogu, erraza baita perspektiba galtzea. Are gehiago parean dugun horrek entzun nahi duguna esaten badigu hamar alditik bederatzitan.

Izan ere, lagun talde hauek zirkunstantzialak eta azaleko samarrak izan daitezke hasieran, baina elkarrekin denbora gehiago igaro eta, ustez, konfiantza eraikitzen goazen heinean, ikasten al dugu lagunei oker egon daitezkeela esaten? Galdetzen ote diogu geure buruari? Edo nahiago izaten dugu gauden tokian goxo geratu, zentzu indibidual zein kolektiboan?

Espazio erosoak eraiki nahiak ez du esan nahi erosokerian jausi behar dugunik. Sor ditzagun espazio seguruak, baina ez dezagun gure oihartzun kutxa propioaren ilusioa irents. Sare sozialei beharbada honezkero ezin diezaiekegu halakorik eskatu, baina ustez lagunak direnekin gaudenean, izan gaitezen zintzoak. Besteekin eta geure buruekin. Ez al du gehiago balio desadostasun eta desberdintasunak mahaigaineratu eta kudeatu dituen harremanak, horiei ez ikusiarena egiten dienak baino? Sor ditzagun horretarako molde goxoak, bada. Dena estaltzea gurako genukeen purpurina apur bat zikindu arren. Eraikitzen ari garen hori ez da itxuraz hain ideala izango. Baina erreala izango da.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.