Leire Vargas

Kristalezko ume alferrok

2024ko apirilaren 14a
05:00
Entzun
DOM CAMPISTRON
DOM CAMPISTRON

 

Maren. 26. Biokimikan graduatu eta biologia molekularrean eta biomedikuntzan masterduna.

Ikerketa-enpresa batean praktiketan hasi berri, kobratu barik. Zortzi orduko praktikaldia ei da, baina egun gehienetan bederatzi ordutik gora egiten ditu laborategian. Ondorioz, martitzen eta eguen arratsaldetan umezaintzan zeukan lana utzi behar izan du. Asteburuetan egiteko zerbait topatu nahiko luke, berarena den diru-sarreraren bat edukitzeko behintzat eta, ahal bada, zerbait aurrezten saiatzeko.

Laborategiko arduradunak eta langileek ikusi ahal izan dutenez, gazte konprometitua da zinez, txukuna eta argia. Imajinatu nora iritsiko den lan-eskaintzetan eskatzen dizkioten bi esperientzia-urteak bete eta ganorazko postu bat lortzen duenean!

Aiora. 28. Zuzenbidean eta enpresen administrazio eta zuzendaritzan gradu bikoizduna. Ondoren abokatutza masterra egindakoa. Praktikak egin zituen enpresan bekadun aritzeko aukera izan zuen gero, kobratu barik. Sei hilabeteren buruan baldintza berberekin kontratua luzatzea eskaini ziotenean, ezezkoa eman zuen, emantzipatu ahal izateko gela bat ordaintzeko beste emango zion aukeraren bat bilatzeko asmoz.

Zorionez, arropa-denda batean ordezkaritza bat egiteko aukera izan zuen, bufeteetan curriculumak banatzen zituen bitartean. Lan-esperientzia faltan, baina, arrakastarik ez, eta oposaketetarako ikasten hastea erabaki zuen. Horretan aritu da azken bi urteetan, akademia ordaintzeko eskola partikularrak ematen, gurasoenetik joan barik.

Duela hilabete bi jakin zuen azkenean aterako zituztela eskuragarriak zitzaizkion oposaketak, baina atarian geratu da 4,7 batekin. Bestalde, hirugarren eta laugarren aldiz aurkezten zen jendea izan zuen ondoz ondo. Azken batean, berak ez daramatza hainbeste urte edukiak prestatzen. Imajinatu zelako bizi-baldintzak izango dituen hemendik urte batzuetara, nota ona atera eta plaza lortzen duenean!

Amets. 25. Artearen historian ohorezko matrikularekin graduatua eta bitartekaritza kulturalean masterduna. Ikasketak amaitu eta ia segituan lortu zuen museo batean lana. Formakuntza-kontratua zeukanez, apenas zeukan gela bat ordaindu ahal izateko beste, baina, gurasoekin harreman eskasa dela eta, pisukide bila zegoen lagun batenera aldatzea erabaki zuen.

Kontratua amaitu zitzaionean alokairuari aurre egiteko baliabide barik geratu eta gurasoenera itzultzekotan egon zen. Pisukideak laguntza eskaini zion eta pare bat hilabete eman ahal izan zituen lan bila. Beste aukerarik ez eta supermerkatuan kutxazain amaitu zuen. Bertan lanaldi osoz arituta aiseago ordain zezakeen alokairua, gutxieneko soldata izanagatik. Hala ere, ikasketei lotutako zerbait topatzea lehenetsi eta gurasoenera itzultzea erabaki zuen. Oraingoz, baina, lan berean ari da, irakaskuntza masterreko matrikula ordaintzeko beste bildu arte.

Ez zuen irakasle izatea helburu, baina imajinatu zelako baldintzak izango dituen plaza lortzen duenean! Opor horiekin ahaztu ere egingo zaio lana ez duela gustuko.

Imajinatu, bai. Ikusterik izango ote dugun ez baitago batere argi. Gazteriaren behatokiaren arabera, 16 eta 29 urteko pertsonen artean %16,45 dago langabezian EAEn, eta %18,3 Nafarroan. Bestalde, lanean ari direnen kontratuen %84k urtebetetik beherako iraupena du. EAEn gazte langabe kopurua jendarte osoko batez bestekoaren hirukoitza da. Asko berbetan da nini-ez (%1,4) eta sísí kontzeptua entzun ere ez da egiten (gazteon %34 den arren). Frantziar estatuan 18 eta 29 urte arteko gazteon %19 pobrezia-mugaren azpitik bizi da.

Espainiar estatuko batez besteko alokairuaren prezioa 944 euro zen 2023ko lehenengo lauhilekoan; bestela esanda, gazteon soldataren %94. Ondorioz, emantzipatzeko batez besteko adina 30,3 urte da. Gazteon artean %16 baino ez da gurasoenetik kanpo bizi, 2008ko etxebizitza-krisiaren aurretik kopuruak gailurra jo zuenean baino %10 gutxiago.

Ez dakit helduek ez dituzten datuok ezagutzen, edo ez dituzten ezagutu nahi. Baina horiek dira zenbakiak, eta gordetzen dituzten zenbait egoera. Hezur-haragizkoak, literatura bakoak. Izan ere, ipuinetarako tarte gutxi uzten du horrela bizitzeak: urte luzez irudikatutako lana ahaztuta, esplotatuko ez zaituen aukera batekin amesten. Gurasoenetik alde egin ezinik, txikitako peluxeen ondoan nahi genuen tokira eramango ei gintuzten tituluak eta merituak pilatzen.

Belaunaldi berriok ez ei dakigu zer den benetako mundua, zer den heldua izatea. Baina nola jakingo dugu, helduaroarekin lotzen ditugun pauso horiek guztiak ukatzen bazaizkigu? Noski aurreko belaunaldiek etxebizitza-kontratua zeukatela gure adinera ailegatzerako, eta 15 urte baino gutxiagoko autoa. Horixe bi ume hezten zituztela guk hogeita hamar metro karratuko pisuak partekatzen ditugun garaian. Ez dut aztertuko egungo gazteok helburutzat ditugun mugarri horiek edo ez. Egongo da baiezkoan eta ezezkoan dagoenik. Ez dakizkit portzentajeak. Baina badakit kristalezkotzat hartzen gaituztenean, lagun-talde osoak denetara hamar egun kotizatu ez izana leporatzen digutenean, gure aisialdirako-hautuak kritikatzen dituztenean, gutxitan izan direla horretara eraman gaituzten baldintzak gure hautu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.